Erasoak eraso, Gazte Topaketak dagoeneko martxan dira Zestoan
Atzo hasi eta igandera arte, martxan dira jada Gazte Mugimenduaren Topaketak. Ehunka lagun bilduko dira, beraz, «gaztetxe erraldoi» bihurtu duten Zestoan. Bertatik, egungo egoera aztertu eta etorkizunerako lan ildo berriak ezarriko dituzte, betiere iraganeko borrokak gogora ekarriz. Era berean, gaur arratsaldean etenaldia egingo dute 34 gazteen atxiloketa salatzeko manifestazioan parte hartzeko.
Janire ARRONDO
«Sistemaren aurkako gazteen frontea sendotu eta alternatibak eraikitzeko indarrak biltzeko asmoz», Gazte Mugimenduaren Topaketetan murgilduta dabiltza egunotan ehunka gazte Zestoan. «Ekin dezagun batera!» leloari helduta, sistemaren aur- kako mezua eta «alternatibak» eraikitzeko proposamenak Euskal Herri osora zabalduko dituzte egunotan Zestoatik.
Hala ere, honakoa euren ibilbidean «geltoki» bat besterik ez dela izango argitu zuten gazteek. Izan ere, gaur egungo «errealitate ezberdinak» aztertu, eta gerora begira, oinarriak finkatzea izango dute helburu; betiere, lehengo esperientzia eta bizipenak gogora ekarriz.
Argi dute kapitalismoak eta «bera darabilen logikak» kalte egiten duela. Era honetan, «behar eta interesen gainetik» diru irabazien logikak nabarmen agintzen duela salatzen dute; eta, hala, sistema horren ondorioa, «pertsona, gazte eta herri bezala», kaltea eta zapalkuntza dela argi dute. Gaur eta bihar goizean zehar, beraz, lantaldetan antolatuta, gogoeta eta eztabaidarako aukera izango dute gazteek.
Atzo arratsaldean, azken orduraino, buru-belarri lanean ibili ziren dozenaka lagun, arratsalde edo gau partean bertaratuko ziren gazteak iristerako guztia prest izateko. Herriko hainbat puntutan prestatu zituzten txosnetan azken lanak egiten ziharduten batzuek, eraikin eta gune bakoitza non zegoen argitzen zuten kartelak jartzen zebiltzan, berriz, beste batzuk.
Azkenean, Gazte Topaketaren hasiera uste baino gehiago atzeratu bazitzaien ere, iluntzerako iragarritako harrera ekitaldiarekin eman zioten hasiera gogoeta, eztabaida eta mobilizazioz gainezka biziko duten asteburuari. Gaur bertara hurbildu nahi duenak badu oraindik aukerarik; izan ere, matrikulatzeko aukera egongo da, udaletxeko informazio puntura joz.
Gaztetxe erraldoia
Euskal Herriko hainbat txokotatik gerturatutako gazte andana jaso duen gaztetxe erraldoi bihurtu dute Zestoa, «utopien gaztetxea», beraiek dioten eran. Gazte independentistek saiakera berezia egin nahi izan dute, gainera, «erasorik gabeko» gunea prestatzeko. Gazte topaketak «emakumeen kontrako zapalkuntzatik» zein beste edozein eraso homofobo, arrazista edo sexistatik libratzeko, salaketarako telefonoa jarri dute martxan: 697 34 73 79.
Herrian zehar zazpi gune prestatu dituzte. Kiroldegian, «Erabaki» gunea izango da. Bertan, asanblada orokorrak eta otorduak egingo dituzte, baita, igandeko ekitaldi nagusia ere. Horrez gain, bertan biltzen diren gazteek lo egiteko lekua zein dutxak ere bertan izango dituzte. «Komunikatu» gunea, bestalde, Topaketen gaineko informazioa kudeatu eta zabaltzeko zentroa izango da. Bertatik, egunean zehar, Zestoako hainbat guneetatik entzungo den irrati emisioak egingo dituzte, gainera. Sareari garrantzi berezia emanik, gaztesarea.info web atariaren bidez, «topatu» atalean, egunero 15.00etan eta 20.00etan informazio buletina zabalduko dute, egunean zehar Topaketetan jazotakoaren berri emateko.
Eskolako eraikina eta herriko elkarteak, berriz, gogoeta eta eztabaidarako leku izango dira. Hain juxtu ere, «Antolatu» eta «Eztabaidatu» deitu dituzten txoko horietan «gazteei zuzenean eragiten dien» hainbat gai aztertu eta jorratuko dituzte. Besteak beste, herri zapalkuntza, emakumeen aurkako indarkeria, azpiegitura erraldoien eraikitzea eta gazte kolektiboaren egoera izango dira landuko dituzten gaiak.
Bestalde, bertan behera utzi dituzte gaur arratsalderako iragarritako ekintzak. Hainbat gogoeta tailer egiteko asmoa bazuten ere, asteartean Grande Marlaska epailearen agindupean Euskal Herrian egindako polizia operazioaren harira Bilbon izango den manifestaziora joango dira Zestoan bildutako gazteak. «Ikara sortzen die sistemaren kontra aktibatzen hasia den gazteriak, beldur diote gure indarrak batuz sor ditzakegun dinamikei», adierazi dute gazteek. Zestoatik 15.30 aldera abiatuko dira Bilbora, autobusez.
Aisialdirako tarterik ere hartuko dute, baina, Zestoan. Kontzertuak, ipuin erotikoen kontaketak, musika, poteoak, antzerki emanaldiak... denetariko ikuskizun eta ekitaldiz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Horretarako, «Topatu!» gunea prestatu dute herriko plazan. Bertan, azoka, musika emanaldiak, kale ikuskizunak eta gisako ekitaldiak egingo dituzte. Frontoi irekian kokatu duten «Gozatu» karpan, bestalde, kafe txokoa eratu dute, eta bokatak-eta emango dituzte, musika eta ikuskizunez gain.
Utopien fabrika
Aste honetan 34 gazteren atxilotzea ekarri duen operazioa izango dute eztabaidagai nagusietako bat, baina garuna astintzeko beste hainbat gai ere izango dute gaur eta bihar.
Asteburu baterako prestatutako ekimena da honakoa, eta igandetik aurrera, Zestoan ikasi, ikusi, usaindu, antzeman, entzun eta bizi izandako guztiaren uzta jaso eta ideiak, proiektuak eta «utopia berrien fabrika» martxan jarriko dute.