Kopa Final-laurdenak
Lehiaketa hasteko, aurkari gogorrak izango dituzte Ordiziak eta Gernikak
Jon LEUNDA
Estatu espainoleko Ligan ez da jardunaldirik izango, eta Kopako final-laurdenak jokatzeko baliatuko dute asteburu hau. Maila nagusian diren hiru euskal taldeetatik Ordiziak eta Gernikak bakarrik jokatuko dute lehiaketa. Izan ere, bertan parte hartzeko, Ohorezko Mailako lehen itzuliaren amaieran lehen zortzietan sailkatuta egon behar da, eta Bera Bera ez dago hor, bederatzigarren baizik.
Ampo Ordizia izango da etxean arituko dena. Goierritarrek, ordea, norgehiagoka oso zaila izango dute, El Salvador taldea izango baitute aurrez aurre. Hala ere, kanporaketa partida bakar batera jokatzekoa da, eta hori etxean izanda, aukera askoz ere gehiago izango dituzte.
Ordizia bikain ari da etxean, itxura ederra emanez, baina Altamiratik kanpo jokatzen duenean, gauzak erabat aldatzen dira. Beraz, kanporaketa partida batera izanda, eta hori, gainera, bere zaleen aurrean, itxaropentsu izateko aukera guztiak daude gaur eguerdian, nahiz eta aurkaria oso zaila izan.
Bizkaia Gernikak ez ditu gauzak askoz errazago izango, La Vilaren zelaian arituko baita bihar 12.00etatik aurrera. Talde zaila izango dute aurrez aurre, baina bizkaitarrak ere itxura bikaina ematen ari dira denboraldi osoan zehar, eta ahaleginduko dira finalerdietarako txartela lortzen. Ordiziarrei gertatuko zaienaren kontrara, partida bakarrera kanpoan jokatzeak ez ditu gauzak batere samurrak jarriko. Berde-beltzak joko onarekin daude, eta itxaropenez gainezka ekingo diote Kopari, aspaldian ez baitute jokatzerik izan.