GARA > Idatzia > Mundua

Estatu kolpearen aurkako ekintzaile bat desagerrarazi dute Hondurasen

Soilik AEBek, Israelek eta horien aliatu batzuek onartuko dituzten hauteskundeak atzo egin ziren Hondurasen, Micheletti presidente karguan jarri zuten indarrek ezarritako agendaren arabera. Kolpearen aurkako erresistentziak kide bat desagerrarazi izana salatu zuen.

p023_f02_98x124.jpg

GARA |

Euskal Herrian gauerdia zela itxi ziren Honduraseko hautestontziak. Michelettiren aldekoak hauteskunde prozesuaren zilegitasuna nabarmentzen saiatu ziren, ia istilurik ez zela izan behin eta berriz errepikatuta. Kontrakoek, berriz, prentsaurrekoa eskaini zuten Poliziak eta Armadak azken egunotan egin dutena salatzeko.

Honduraseko Erresistentziaren Frontearen izenean emakumezko batek eman zuen prentsaurrekoa, estatu kolpearen aurkako ekintzaileek azken egunotan jasan behar izan dituzten mehatxuak eta abar salatzeko.

Kasurik larriena Cedros probintziako Suyatal herrian gertatu zen. Fausto Arrazola ekintzailea hautesleku batean hauteskundeen aurkako idatziak banatzen ari zela, segurtasun indarrek inguratu eta jipoitu egin zuten. Arrazola berrogei agente inguruk eraman zuten, inguruan ziren ikuskatzaileak izutu ondoren, Telesur telebista kateak eman zuen informazioaren arabera. Atzo ilunabarrean Erresistentziakoek ez zekiten non zeukaten Fausto Arrazola.

Gainera, ekintzaile askoren etxetara joan ziren militarrak eta poliziakideak. Batek baino gehiagok etxetik ihes egin zuen, atxilotuta eraman nahi zutelakoan. «Hemengo giroa ikusita, badirudi Polizia eta Armada gerra prestatzen ari direla. Horien presentzia oso itogarria da leku askotan. Horietan, herritarrak ez dira konturatu ere egin militarrek botoa ematera joateko deialdia egin dutela. Kolpearen aldekoek beren atean sartu dute gola», esan zuen eledunak futbolzaleen hizkera erabilita.

Bestalde, bertako hedabideek atzo emandako datuen arabera, asteburuan gutxienez hogeita hiru pertsona atxilotu dituzte Comayaguela eskualdean, segurtasun indarrek herritarren esku dauden armak erretiratzeko egindako operazioan.

Espetxeetako «matxinada»

Poliziak esan du azken egunotan 119 arma atzeman dituela herrialde osoan. Gainera, ustez espetxeetan egin beharreko matxinada baten berri eman zuten segurtasun indarrek. Bertsio horrek dioenez, hauteskunde eguneko giroa nahastea zen preso horien helburua.

«Honduras ezberdina dela erakutsi behar diogu munduari», esan zien kazetariei Roberto Micheletti ezarritako presidenteak botoa ematera joan zen momentuan. «Beldurra atzean utzi dugu eta Honduras hobea eraikitzeko erantzukizuna hondurastar guztiona da», gaineratu zuen El Progreso hirian.

Brasilek Tegucigalpan duen enbaxadan jarraitzen du militarrek kargutik kendu zuten Manuel Zelaya presidenteak. «Herriak ezezkoa esango dio diktadurari», adierazi zuen bertatik, hauteskundeak iruzur hutsa direla erantsita. Berak eta bere jarraitzaileek beraien babeslekuetatik irteterik ez dutela nabarmendu zuen presidenteak, «militarrek erabat inguratuta gauzkate-eta».

AEBen jarrera agerian geratu zen berriz ere atzo. James Creagan enbaxadore ohiak esan zuen hauteskunde «liluragarriak» izan zirela, eta pertsona asko joan zela hauteslekuetara. Ildo berean, Eliahu Lopez Israelgo enbaxadoreak jakinarazi zuen beraiek ontzat eman dituztela hauteskundeak eta gauza bera egingo dutela emaitzekin. Latinoamerikako Gobernu gehienek, aldiz, hauteskundeak kolpeari zilegitasuna emateko ahalegina besterik ez direla salatu zuten berriz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo