GARA > Idatzia > Ekonomia

«Ortube Berria»ri eraso egin diote Indiako Ozeanoan, baina ez du kalterik izan

p027_f01_148x104.jpg

Amaia ZURUTUZA |

Somaliako piratek «Ortube Berria» euskal itsasontziari eraso egin zioten atzo goizaldean Indiako Ozeanoan. Estatu espainoleko Defentsa Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, ontzian zihoazen segurtasun pribatuko agenteek armak erabili zituzten piraten erasoari aurre egiteko. Ministerioak azaldu zuenez, goizaldeko bost eta erdiak pasatxo zirenean piraten bi txalupak «Ortube Berria»ri eraso egin zioten Seychelleetatik 230 miliara.

Iker Barbas, euskal itsasontziko patroiak berak baieztatu zuen telefonoz eraso egin zietela. Lehenago, «Internauta III» izeneko arrantza-ontziak eman zion erasoaren berri Itsas Zaintzako Operazio Zentroari.

30 minutuz atzetik

«Oturbe Berria» ontziko patroiak telefonoz azaldu zuenez, piratek arma arinekin eta RPG motako granada bat erabili zituzten eraso egiteko. 30 minutuz izan zituzten piratak atzetik. Ontzian zihoazen segurtasun pribatuko agenteek armak erabili zituztela azaldu zuen patroiak.

Defentsa Ministerioak esan zuenez, itsasontziak ez zuen kalterik izan; inor ez zen zauritu eta kalte materialik ere ez zen izan. Erasoa ekidin ostean marinelak eremu horretatik urrundu zirela gaineratu zuen.

Atalanta operazioko komandanteak «Álvarez Cabral» fragata portugaldarra bidali zuen inguru horretara, baita Seychelleetako itsas patruilako hegazkin bat ere. Atalantako buruzagiak fragata portugaldarra erabiltzea erabaki zuen, eta ez «Canarias» fragata, erasoa gertatu zen tokitik 600 miliara baitzegoen.

Patroiaren emazteak, bere aldetik, eskifaiako kide guztiak ondo zeudela baieztatu zuen Efe agentziari egindako adierazpenetan. Azaldu zuenez, bere senarrarekin telefonoz hitz egiteko aukera izan zuen, eta honek aipatu zion erasoaren unean ikaratu egin zirela, baina horretaz aparte ez zutela inolako kalterik izan. Iker Barbas patroiaren emaztea atsekabetuta agertu zen, «ematen duelako marinelak arrantzara joan ordez gerrara doazela».

Azaroaren 19an ere «Txori-Gorri» euskal itsasontziari eraso zioten piratek. Bi astetan beraz, bi euskal itsasontziri eraso diete Indiako Ozeanoan.

Jakina da, honekin batera, iragan urriaren 2an «Alakrana» Bermeoko ontzia bahitu zuela pirata talde batek, eta 47 egun eman zituela gatibu erreskatea ordainduta libre geratu zen arte.

Hilabete eta erdi luze horretan, arrantzaleak askatzeko hainbat ekimen izan ziren Bermeon bertan eta beste hainbat herritan, eta auzi honek sortutako zalaparta politikoak eta mediatikoak oraindik jarraitzen du. Izan ere, aurreko astean Gobernu espainoleko hainbat ministrok azalpenak eman behar izan zituzten Kongresuan, eta aste honetan ere Maria Teresa Fernandez de la Vegak agerraldia egin beharko du PPren galderei erantzuteko. Alderdi honek espioitza zerbitzuek auzi honetan egindako lanaren gainean galdetuko dio.

«Ortube Berria» ezagun egin zen duela bost urte, 2004ko abuztuan, Fuerteventura irlatik 25 bat miliatara norabiderik gabeko ontzi batean zeuden 36 etorkinei lagundu zielako bere eskifaiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo