GARA > Idatzia > Kultura

Kepa Arizmendiri azken agurra egin diote Baionako La Poudrieren

Ur Taldeak, Kepa Arizmendi Bereauk sorturiko artisten elkarteak, «artearen bidez» Elizondoko artista omendu du. Abenduaren 30 arte Baionako La Poudriere gunean dagoen erakusketak Arizmendiren hogeita hiru obra nagusiak biltzen ditu. Horiekin batera, omenaldi gisa Euskal Herriko hamabi margolarik eta zizelkarik eginiko lanak agertzen dira.

p056_f01_199x112.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Sei hilabete igaro dira Kepa Arizmendi Bereau joan den ekainean garuneko odol isurtze baten ondorioz zendu zenetik. Iheslari politikoa izateaz gain, Elizondokoak margolaritzan eman zituen urte asko. Baztango artisten kolektiboko kidea zen, eta 2008an Rikardo Paskual margolariarekin batera Ur deituriko artisten taldea sortu zuen.

Artista baztandarraren obraren aberastasuna eta berezitasuna ezagutarazteko Ur Taldeak Kepa Arizmendiren omenezko erakusketa zabaldu zuen larunbat gauean Baionako La Poudriere gunean. Hogeita hiru obra biltzen dituen erakusketak artistaren ibilbide artistikoa ezagutzeko aukera ematen du abenduaren 30 arte. Jean-François Larralde, euskal artean aditua den historialariak urratsez urrats Arizmendiren artearen bilakaera aztertzeko parada eman zuen erakusketaren irekiera ekitaldian.

Baztanen paisaia-pinturan murgilduz hasi zena «paisaiaren ikuspegi sentimentaletik urrundu» zela gogorarazi zuen. «Euskal paisaiaren ikuspegi suharretik urrundu zen naturaren berreraikitze pertsonalago batera iristeko. Munduaren irudikapen naturalista arrunta gainditu zuen, paisaia deseraiki eta berreraikitzen zuen irudi elementaletan oinarrituz», argitu zuen arte historialariak.

Garaikide kutsua ematen zion arte ikerketa horretatik at, Kepa Arizmendi Bereauren obrak naturari estuki lotua jarraitu du azken garaietara arte. Horren adibide dira 2008 eta 2009 artean eginiko bost obrak. Itsasuko ur jauziari buruz egindako ikerketa bat da. Kepa Arizmendik sorturiko «eraikitze-deseraikitze» prozesu horren finkatzea urratsez urrats aztertzeko aukera ematen du, izan ere, serie horrek.

La Poudriere, XVII.mendean eraikitako bolborategi bat da, eta bertan Arizmendiren azken garaiko obra nagusiak preziatzeko aukera dago.

Bertaratu bezain laster, Itsasuko ur jauziaren inguruan eginiko ikerketa parez pare aurkituko du bisitariak, eta, ondoko hamabost bat obretan artistak landutako estilo ezberdinak agertzen dira.

Horrenbestez, Cezanne-i zein Malevich-i, arte historia garaikidea markatu zuten artistei zien miresmena ekarri zuen gogora Jean-François Larraldek. «Parisen bizi izan zen eta Cezannen obra ezagutzeko aukera izan zuen. Halaber, Oteizaren bidez Malevichen teoriak ezagutu zituen. Eragin hori nabari da bere obran», argitu zuen.

Ehun bat lagun, adiskide eta senitarteko elkartu ziren Kepa Arizmendi Bereau zenari azken omenaldi bat egiteko larunbat gaueko estreinaldian.

Bertan, Jean Rene Etxegarai Baionako kultur zinegotzia zegoela-eta, XVII. mendeko eraikin hori artista baztandarrari omenaldia egiteko gune aproposena zela goraipatu zuen.

Artisten omenaldia

Halere, Baionan zabalduriko erakusketak hurbiletik ezagutu zuten artisten «azken agurra» eskaintzea zuen xede. Hamabi euskal margolari eta zizelkariren lanak bildu ditu erakusketak: Koldo Alberdi, Begoña Durruti, Rikardo Paskual, Rosa Valverde, Xabier Morras, Jose Mari Apezetxea, Ana Mari Marin eta Gonzalo Etxebarriarenak. Artista orok obra bakar bat agertzen du erakusketan, «artearen bidez Kepa Arizmendi omentzeko».

Parte hartzaile gehienak estreinaldian zirela, «gizonaren handitasuna eta adiskidetasuna» nabarmendu zuten bereziki. Iker Valle zizelkari hernaniarra honela mintzatu zen: «Aurten ezagutu nuen zorionez eta zoritxarrez, baina, oso gustura aritu ginen eta hemen izan nahi nuen».

Gonzalo Etxebarriak, bestalde, Kepa Arizmendi hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuen. Senpereko Larraldia etxean eginiko erakusketa batean ezagutu zuten elkar 2008an.

Pertsonaia eta obra maitatzeaz gain, Ur Taldearen bidez «oso esperientzia interesgarria» sortu zuela nabarmendu zuen. Omenaldirako paisaiak eta gizonak gaiaren inguruan landuriko obra bat agertzea erabaki zuen.

Azkenik, Begoña Durruti margolari nafarrak Arizmendi «ezagutu eta berehala adiskidetu» zirela aipatu zuen. «Erakusketa honetan parte hartu nahi nuen. Lagun artista andana gaude hemen, Keparen tokia izugarri garrantzitsua zen», jarraitu zuen.

Baztango artista zenaren hogeita hiru obra nagusiez gain, beste hamahiru margolanek osatzen dute, beraz, La Poudriereko erakusketa.

Erakusketaren inaugurazio ekitaldian musika eta giro beroa nagusitu zen larunbatean. Abenduaren 30 arte egunero zabalik izango da, arratsaldeko hiruretatik zazpietara.

Katalogoa

Ur Taldeak erakusketa antolatzeaz gain, obra nagusiak biltzen dituen katalogoa kaleratu du. Jean-François Larralde arte historialariaren testu batez osatua, salgai dagoen katalogoak artistaren ibilbidea ezagutzeko aukera ematen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo