BEC, ondoen jardun dutenen zain
Donostiako belodromoak Barakaldon bi aste barru oraingo txapeldunarekin batera finala jokatuko duten bertsolarien izenak erabaki zituen atzo. Onenetan onenak sailkatu dira, atzo arteko kanporaketetan ondoen jardun dutenak, alegia. Gehienak goi mailako lehian zailduak. Bertsozaleek batez beste saio onak entzuteko eta bertsolarien gorabeherak sumatzeko aukera izan dute: batzuek espero zutena gaindituta, beste batzuek horretara iritsi gabe, baita bertsolari bera saio batean iritsi ez eta hurrengoan gainditu izana ere. Bat-bateko bertsogintzaz ari gara, ordea, eta saio bakar bateko jardunari faktore askok eragiten diote.
Hainbaten ustez, Txapelketa Nagusiaren finala bertsolaritzaren gailurra da, lau urtean behin baino iristen ez dena; beste hainbaten ustez, berriz, ez du bertsolaritza bere osoan ordezkatzen. Eta egia da Txapelketa ez dela bertsolaritza, baina bada haren osasunaren nolabaiteko neurgailua. Bertsolaritzaren bilakaerak alderdi ugari ditu, batzuk oso nabarmenak. Esate baterako, esanguratsua da, salbuespenak salbuespen, gazteak txapelketaz jabetu izana. Edo emakumeek urte gutxitan beren lekua -ez nolanahikoa- hartu izana, Txapelketan kopuruari zein kalitateari dagokionez, onenen pare agertzeak erakusten duenez. Hori guztia, baina, ez da berez gertatutako bilakaera. Lan eskerga dago atzean, txapelketa bateko txaloak jasotzen ez dituena, baina goi mailako Txapelketa bermatu duena: Maialen Lujanbiok atzo bere azken agurrean gogorarazi zuen «urteetan barna/ ondo egindako lana». Horregatik, abenduaren 13ko txalo zaparradak zortzi bertsolarirentzat ez ezik, bertso eskolen bultzatzaileentzat ere izan beharko lirateke.
GARAk, bertsolaritzaren aldeko apustuari eutsita, bertatik bertara jarraitu ditu azken asteetako saioak orrialde hauen bidez bere irakurleei kronika eta analisia helarazteko. Egia esan, Txapelketa hasi baino lehen egunkari honek bazuen bere faboritoa eta dagoeneko, BECeko finala jokatu baino lehen ere, huts egiteko beldurrik gabe, hari zorionak eman beharrean dago: zorionak bertsolaritzari eta, beraz, bertsozaleei, eurak baitira benetako irabazleak.