GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Informatika ingeniaria

Sistema eragileak

Sistema eragilea ordenagailuaren kudeaketa orokorraren arduraduna da. Sistema eragilea da ordenagailua pizten dugunean exekutatzen den softwarea. Programa multzo bat da eta ordenagailuaren eta, periferikoen kudeaketa eraginkor bat eginez, erabiltzailearen erosotasuna eta esperientzia positiboa lortzea ditu helburu. Sistema eragilea da, hortaz, erabiltzailearen eta ordenagailu fisikoaren (hardwarea) arteko zubia. Sistema eragile asko daude merkatuan, baina horietatik lau aipatuko ditugu (euskararekiko duten harremana azpimarratuz): Apple Mac OS X, Microsoft Windows , Google Chrome eta GNU/Linux-en Ubuntu banaketa.

Baga. Mac OS X sistema eragilea Apple Inc. enpresa estatubatuarraren sistema eragilea da. Eta bere azken bertsioa 2009ko abuztuan kaleratu zuen (Mac OS X v10.6). Apple-en sistema eragile guztiak (erdizka edo osotasunean) copyright lizentziapean kaleratzen dira eta 2003az geroztik, Apple enpresak berak euskarazko bertsioa debekatu egin zuen.

Net Applications enpresaren arabera, mundu mailan, erabiltzaileen %5,27k erabiltzen dute Mac OS X sistema eragilearen bertsioren bat (http://marketshare.hitslink.com/operating-system-market-share.aspx?qprid=8). Ildo horretan, diseinu grafikoaren arloan gehien erabiltzen den sistema eragilea da baina, hori horrela izanik ere, berez, sistema eragile horren merkatu-kuota ez da hain handia, baina badu bereizgarri nagusi bat: erabiltzaileen fideltasuna. Lan egiteko erraztasuna eta diseinu minimalista dira erabiltzaileek gehien aipatzen dituzten ezaugarriak. Horren harira, 1997an, «The Guardian» egunkarian John Sculley-k «Apple marketin enpresa bat da» zioen eta «jendeak teknologiaz hitz egiten du, baina Apple hamarkadako marketin enpresa nagusia da» baieztatu zuen. Egun ere, erabiltzaile asko, eskaintzen duen teknologiagatik bainoago, duen diseinu eta itxuragatik maitemintzen ditu, nahiz eta prezio baxuetatik urrun ibili.

Biga. Zalantzarik gabe, mundu mailan gehien erabiltzen den sistema eragilea Microsoft Inc. enpresa estatubatuarraren Windows da. Bere azken bertsioa 2009ko urriaren 22an kaleratu zuen (Windows 7). 2001ean kaleratu zuten Windows XP (bertsiorik erabiliena). 2006an Windows Vista-k argia ikusi zuen, baina bide iluna izan du eta iluntasun horretan galdu egin da. Galdu bainoago, ahanzturara kondenatu dute, Vista-ren arrakastan zentratu ordez, Windows 7 berri baten garapenean jarri baititu indarrak Microsoftek. Sistema eragile hauek guztiak ere copyright lizentziapean kaleratzen dira eta euskarazko bertsioak tokiko instituzioek Microsoft-ekin sinatzen dituzten hitzarmenen erritmoan dabiltza. 2008ko ekainean aurkeztu zen «Klik egin euskarari» kanpainak, Windows Vista eta Microsoft Office 2007ren euskarazko bertsioen berri eman zigun. Vista ahanzturara kondenatu dela ikusita, zalantzan jar daiteke, ia urte eta erdi geroago, kanpainaren benetako helburua euskara zen edo Vista bera sustatzea zen. Edonola ere, euskarazko bertsioaren existentzia Microsoften gogoaren eta tokiko instituzioen borondatearen eskuetan geratzen da.

Net Applications-en arabera, Windows sistema eragilearen egungo mundu mailako merkatu-kuota %92,52 da. Monopolio egoera horretara iristeko, Microsoftek estrategia eraginkorrak ditu martxan aspaldidanik. Esaterako, ordenagailu bat erosten dugunean, galdetzen al digute zein sistema eragile instalatzea nahi dugun? Eta zergatik instalatzen digute Windows-en azken bertsioa? Eta zergatik sartzen dute zuzenean ordenagailuaren prezioan? Hori da, zalantzarik gabe, erabiltzaileak lortzeko biderik zuzenena. Eta, testuinguru horretan, erabiltzaile horietatik askok eta askok munduan sistema eragile bakarra dagoela uste dute. Era berean, mundu mailako administrazio publiko ia gehienetan Windows erabiltzen da eta hori da, zalantzarik gabe, Microsoften merkaturik preziatuena eta haren diru-iturri nagusia. Beraz, erabiltzaile askok, beste sistema eragilerik inoiz ukitu ere egin gabe, Windows erabiltzen jarraituko dute eta, gainera, sistema bateragarri bat erabiltzen dutela pentsatuko dute, errenta aitorpena Internet bidez egiteko Windows izatea ezinbestekoa baita, adibidez. Errealitate desitxuratu eta interesatua da Windowsena eta ikusiko dugu zer gertatzen den Windows 7rekin.

Higa. Google Chrome 2009ko azaroaren 21ean kaleratu zen. Sistema eragile hori iraganera eta etorkizunera begira dago, une berean. Garai batean salmentan jarri zituzten terminal tuntun horien ideia hartzen du abiapuntutzat, alegia, ordenagailuan nabigatzailea soilik exekutatzea eta ez beste ezer baina, noski, Google-en zerbitzuen kalitatea eskainiz. Hortik iraganera eta etorkizunerako begiradarena. Sistema eragile hau kode irekikoa da eta abiatze edo arrankea oso azkarra izango du, baina ezin dugu ordenagailua guk aukeratu. Alegia, Google Chrome ezin da edozein ordenagailutan instalatu, hardwarea ezarrita dator. Beraz, Google Chrome instalatua dakarten ordenagailuak salmentan ikusi arte, nekez handituko da terminal tuntun horien erabilera. Eta, harago, ordenagailuko baliabide guztiak utzi eta nabigatzailera soilik mugatzea eskatzen duenez, bere erabilera oso etorkizunera begirakoa da. Etorkizun teknikoa hemen da, beraz, baina, maila praktikoan, etorkizun hori oso urruti dago. Euskarazko bertsioari dagokionez, ikusiko da zeintzuk diren Google-ek emango dituen aukerak. Bere zerbitzuetan ere -Gmail, adibidez- kosta zitzaion aspalditik egina zegoen itzulpena publikora irekitzea. Ezin jakin. Kasu honetan ere, printzipioz, beraien esku geratuko da.

Laga. Ubuntu software libreko sistema eragileen banaketa bat da. Alegia, software librean oinarritutako sistema eragile ezberdinak daude, banaketak deritzenak, eta banaketa bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Ubuntu da, bere erabiltzeko erraztasunagatik, erabiltzaile «arrunta»rengana gehien hurbiltzen den banaketa. Alegia, informatika ezagutza aurreraturik gabe, esperientzia positibo bat bermatzen duen bakarrenetakoa dela esan daiteke. Ubunturen azken bertsioa 2009ko urriaren 29an kaleratu zen (Ubuntu 9.10 Karmic Koala). Ubuntu banaketa lizentzia librearekin kaleratzen da eta, librea izateaz gain, Interneten eskuratu daitekeen doako sistema eragilea da. Librea izateak tokian tokiko hizkuntzetara itzuli edo lokalizatzeko aukera bere baitan biltzen du eta, beraz, Ubunturen azken bertsioa ere, aurrekoak bezalaxe, euskaraz eskuratu daiteke. Ubunturen kasuan, sistema eragilearen euskaratzea ez dago enpresen eta instituzioen borondatearen esku, hiztunen komunitatearen aktibotasun eta konpromisoaren esku baizik. Eta, hori horrela delako, euskara oso aktibo dago Ubuntun.

Net Applicationsen arabera, GNU/Linux sisteman oinarritutako sistema eragileen merkatu-kuota %0,97 da. Ez da harritzekoa. Kasu honetan ez dago marketin kanpainarik. Ez dago inbertsio publizitariorik. Are gehiago, egotekotan, kontrakanpainak daude. Software librearen gainean mitoak diren baieztapen irrealak eraiki dira eta oso sustraituak jarraitzen dute oraindik. Zaila dela eta ezerk ez duela funtzionatzen. Informatikarientzat dela eta pantaila beltz batekin funtzionatzen duela. Ez dela serioa, atzean ez dagoela ez enpresarik ez bermerik. Eta horrek guztiak software librearen ibilbidea lausotzen du, gezurrez beterik bada ere.

Halere, aipagarria da Top500 erakundearen arabera (www.top500.org), munduko superordenagailuen %89,20k GNU/Linux sistema erabiltzen du. Gero eta herrialde gehiagok software librearen aldeko apustua egin dute, besteak beste, Brasilen, Venezuelan eta beste hainbat txokotan proiektu progresiboak daude martxan, esaterako, Frantziar Estatuan, Finlandian eta Herrialde Katalanetan. Ezin ahaztu, gainera, Extremadurako kasua, erreferentzia baita mundu mailan. Beraz, mundu mailako erabiltzaileen merkatu-kuoten estatistikek ez dute argirik ematen baina, errealitatean, urrats garrantzitsuak egia bilakatzen ari dira.

Software librearena etorkizunera begirako apustua da, baina ezaugarri guztiak aldeko ditu: eskuragarritasuna, aukera-askatasuna eta hizkuntza-aniztasuna. Horixe da, hain zuzen, erabiltzaile euskaldunok behar duguna. Horixe da euskarak teknologien munduan behar duena: ateak irekitzen dizkion teknologia, software librea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo