GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-jasotzea Marka saiakera

Miren Urkiola 125 kiloko angeluzuzena bizkarrean berdintzeko prest dago

J.L.

Orain dela aste gutxi iragarri zion GARAri Miren Urkiolak urtea bukatu baino lehen 125 kiloko harri angeluzuzenarekin marka saiakera egingo zuela, baina artean ez zuen datarik. Alabaina, dagoeneko bada jarria hitzordua: datorren igandean arituko da Erromon 12.00etatik aurrera.

Harri horrekin orain arte emakumezkoak gutxi aritu dira, zilindro zaharra eta bola izan baitira markak egiteko gehien erabili dituztenak, baina orain dela bi hilabete Etxeberriak bere marka egin zuen 120ko angeluzuzenarekin, eta orain Urkiolaren txanda izango da.

Marka saiakera hau Erromon egingo den euskal kirolen festaren barruan egingo da, baina ez da izango marka ahalegin bakarra, izan ere, Larrea, 80 urterekin, bi kanako mozten saiatuko da, eta, dudarik gabe, ez du berak ere erronka makala izango. Orain dela bi aste oso denbora onean moztu zuen enbor bat, eta orain birekin ere denbora on bat egiten eta marka dotorea egiten ahaleginduko da.

Horiez gain, aizkolariak, harri-jasotzaileak eta trontzalariak izango dira, eta baita Astuariasko kirolak ikusteko aukera ere, 6 Conceyos taldearen eskutik. Orga-jokoko Bizkaiko finala ere jokatuko da jaialdian.

Bestetik, Bizkaiko Federazioak eman du ezagutzera herrialdeko maila nagusiko aizkolarien finala noiz jokatuko den. Abenduaren 19an jokatuko da Zeanurin, eta Atutxa II.a, Zelai, Mendieta, Garitaonaindia eta Txikon neurtuko dira. Lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo