Sokatira Euskal Herriko finala
Abadiñok argi utzi du besteak baino gehiago dela
320 kiloko txapela lortzeaz gain, bigarren taldeak zilarrezko domina lortzeko modua izan zuen.
Jon LEUNDA
Ez da ezusterik izan. Abadiñok jantzi du Euskal Herriko lehenengo txapela. Lauko finala izan zen 320 kilotan Abadiñon bertan, eta garaipena etxean geratu zen. Berdeen lana, ordea, sekulakoa izan zen, izan ere, lehen postuaz gain, bigarrena ere eskuratu zuten, eta honekin garbi geratu zen berriro ere besteak baino gehiago direla.
Honek beste gauza bat ere erakusten du, izan ere, laukoa amaitutakoan zortzikoa hasiko da, eta oso garbi geratu da hor ere bizkaitarrei aurre egitea ia ezinezkoa izango dela, gauzak asko aldatzen ez badira behintzat. Aurreko urteetan ere nagusi izan dira, eta aurtengoan ere bide beretik doaz.
Abadiño A izan zen txapeldun, gainerakoak mendean hartuta. Beraiek ere bazekiten, ordea, txapela lortzeko aukera asko zituztela, eta erronka horretaz gain, bigarren postua lortzeko asmoa ere bazuten, eta horixe egin zuten. Abadiño B taldeak ere lan bikaina egin zuen, eta bigarren postua lortu zuten, zaleen gozamenerako.
Hortik atzerako taldeen artean borroka handia izan zen, eta Ibarra izan zen hirugarren. Gipuzkoarrek ere final bikaina egin zuten, apurka-apurka gora egiten ari direla erakutsiz. Talde bakarra atera dute, eta ikusi beharko da zortzikoan aterako diren ala ez. Hala ere, goranzko bidea hartua dutela erakutsi zuten eta hori berri pozgarria da zalantzarik gabe.
Gainerako hirurak podiumetik kanpo geratu ziren. Sokarri ahalegindu zen Ibarra estu hartzen. Iaz beraiek izan ziren Abadiño gehien estutu zutenak, baina oraingoan laugarren postua besterik ez dute lortu. Hauek bi talde atera dituzte txapelketara, baina batek bakarrik lortu du finalean sartzea, eta laugarren geratu da hori. Hauen atzetik Arabak izan duen ordezkari bakarra sailkatu zen, Barrundia, alegia. Hala ere, beraien helburua finalean sartzea zen, eta hori behintzat, ederki lortu zuten. Azkena, berriz, Auzolan izan zen. Ezin izan zituzten besteak mendean hartu eta azken postuan geratu ziren. Lehen saio kaskarra egin ostean finalean sartu ziren, baina ezin izan dute azken postua utzi.
Larunbatean Zeberion abiatuko dira 300 eta 255 kiloetakoak. Lehenengoak gizonezkoak izango dira eta bi multzotan banatuta arituko dira. Ñapurrak A, Baiona A, Abadiño A, Sokarri A, Berriozar, Amaiur eta Barrundia aurrenekoan, eta bigarrenean, berriz, Ñapurrak B, Baiona B, Abadiño B, Sokarri, Auzolan eta Ibarra. 255 kilotan neskak arituko dira, eta Berriozar, Badaiotz, Girizia, Beti Gazte, Amaiur, Sakana A eta B, eta Ibarra A eta B neurtuko dira. Hasieran multzo batean lehiatuko dira, nahiz eta hori aldatu daitekeen.