GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA Txapelketa Nagusia 2009

«Belodromo bat daukat bihotzaren ordez»

Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina. Horiexek Andoni Egañarekin finalean arituko direnak. Belodromoko festa handiak banatu ditu finaleko aulki preziatuak.

p004_f01_148x128.jpg

Amagoia MUJIKA

Puntuazioa jakin aurretik kantatu zuen Aitor Sarriegik «gaurtik aurrera zuen oroimena gordez/ belodromo bat daukat bihotzaren ordez». Eta puntuazioa jakin orduko bizkortu egin zitzaion belodromoaren taupada eta ia alde egin zion bularretik. Bai, azkenean finalean izango da eta bera izango da, hain justu, aurtengo aurpegi berri bakarra. Gainontzeko zazpiek badakite zer den BECeko oholtza zapaltzea. Bertsozalea ere asko poztu zen Sarriegiren lorpenarekin eta txalo zaparrada amaiezina eskaini zion. Eta berak eskertu egin zuen, irribarrez eta begien distiraz, barru-barrutik.

Horrela amaitu zen Belodromoko festa, txaloka. Hasi bezala orduan. Txaloak, txaloak eta txaloak, eta sei mila aldiz txaloak. Maialen Lujanbio izan zen lehena, 703 punturekin. Eta hernaniarra izan da finalaurrekoetan puntu gehien pilatu dituena. Egia esan, oso gauza politak utzi zituen. Ondo moldatzen dira Belodromoa eta Maialen. Tira, Bergarako plazan ere ederki aritu zela kontuan izanda, akaso plazan baino Maialenen baitan dago sekretua. Akaso ez, seguru.

Hamarreko handitik hasi zen, hasieratik. Aitor Sarriegirekin batean, lan ederra egin zuten. Hauxe zuten gaia: «Autobideko ordainlekuan egiten duzue lan. Oraintxe pasatu dira zuen aurretik 34 polizia-auto Madrilera bidean». Faltan sumatzen genituen gaiak atera ziren atzo Belodromoan; batzuetan gai-jartzailearen ahotik eta besteetan bertsolarienetik.

«Goizeko hirutan kolpe lehor bat gauaren isilean ai/ ameslariek putre berdeak zeuzkaten nonbait euren zai/ lehenago ere gertatu dena beste behin ere ikusgai/ hesia altxa behar diegu ta eurak badoaz lasai/ peajea guk ordaintzen degu eta kobratu ere bai», hasi zen Maialen. Eta Sarriegik, ondo erantzun; «Autopistara ere zabaldu da herri honen problema/ inpotentzia da barrenean guk daukagun sentipena/ baina egia osoa ez da zure peajearena/ barruan preso nor zeramaten zen ikusi ezin zena/ ta barrukoek ordaintzen dute peaje garestiena».

Maialenek dena ondo egin zuen, ariketa guztietan puntu gehien berak bildu zituen eta koplatan, koska dezentekoa atera zien besteei. Kartzelako puntuatuena ere berea izan zen, nahiz eta Maia edota Estiballes gehiago luzitu ziren azken horretan.

Zortziko txikian Sarriegi eta Gurrutxaga aritu ziren elkarrekin. Sarriegi goitik eta Gurrutxaga beheraxeago. Aitorrek zauria zuen eskuan eta Gurrutxaga puntuak ematen saiatzen ari zen, dardara batean. «Izutu egin nauzu dardara horrekin/ lehengoa itxi baino berririk ez egin», hasi zen Sarriegi. Eta, Gurrutxagaren erantzuna, «ta asmatzen ez badet zasta bakoitzean/ igual egingo dizut puntu de kruzean». Gurrutxagak ere saio polita egin zuen, ez zuen kikildu Belodromoaren handitasunak eta berea eman zuen.

Hamarreko txikikoan Maialenek eta Jonek ale bikainak utzi zituzten. Jon Maia prostituta baten paperean eta Maialen Lujanbio berarekin ezkontzeko eskatu dion bezeroaren paperean. «Zer nahi dezu gorputza edota bihotza», hasi zen Maia. Eta, Lujanbio, «gorputza hemen zegon nahi nuenerako/ ta nik bihotza nahi dut egunerorako». Maia, zalantzan berriz, «nik maitasuna nahi det ta ez errukia». Eta Maialenek arratsaldeko irudietako bat marraztu zuen bigarrenean, «ia aukera zazu ezkerra eskuma/ uztai pare bat daukat antzikan ez duna/ hemen kondoia eta hemen eraztuna». Eta koplatako ariketan berriz ere onena izan zen Maialen, berriz ere apartatzeko moduko ariketak utziaz.

Kartzelan berriz gazteak

Atzo saio guztian oso presente izan zen joan den asteko gazteen aurkako sarekada. Kartzelakoan ere, askok aukeratu zuten bide hori. Gaia, hauxe: Abokatua zara, esku artean izan duzun azken kasuko dokumentazioa gordetzen ari zara.

Uxue Alberdiren bigarrena, honakoa: «Epaitegitik hala irten naiz burumakur kopeta beltz/ holakoetan nola egiten da mugetatik kanpo amets/ epaitegitik alde egin nahi dut ta nire mundutik ihes/ nire etxean nire logelan bertan hartu nahi dut babes/ bide beretik jarrai zaizue egin zaidazue promes/ zuen kondena idatzi dute zuen etorkizuna ez». Alberdik arratsalde txukuna osatu zuen eta bertsozale asko liluratu zituen bere kantaerarekin eta hain aise marrazten dituen irudiekin.

Kartzelan, onena, Jon Maia izan zen. Bertsozale asko hunkitu zituen. Bigarrena, bikaina: «Euskaldun gazte batentzat legeak dakarren marra/ beti distortsionatua, defentsa beti baldarra/ nahiz ta beti jartzen dudan barnean dudan indarra/ ezin det aurrera egin ta hau ez da azken hondarra/ Garazi izena zuen, kartzelera tirri-tarra/ nahiz ta etzuen onartzen epaiaren zoritxarra/ mahai gainean itxi det sumario karpetatzarra/ baina oraindik entzuten det bere amaren negarra».

Arkaitz Estiballesen kartzelakoa ere oso txalotua izan zen. Berak ere gustura kantatu zuela sumatzen zen. Jon Antzaren desagerpenaren kasua daraman abokatuaren ahotik aritu zen. Estiballesen hirugarrenarekin lehertu zen Belodromoa: «Itzulerarik gabeko heriotzerako trena/ horixe dugu aspaldi Jon zuk hartu zenuena/ kasua itxita dago hori gauza nabarmena/ zeinek bahitu zintuen nork eman zuen ordena/ Txirritak zion bezala esango nuke izena/ baina zigortuko naute ta ixiltzea onena/ eskerrak gure herriak argi daukala gaur dena/ erruduna da Moncloan eserita dagoena».

Esandakoa, laster arte, BECera arte. Finalera arte.

Txapelketa Nagusia
Bertsoka

Belodromoa Belodromoa da. Errespetua sortzen dio oholtzan kantatu behar ez duenari ere. Atzo barrura sartzeko sortutako ilara ere ez zen txantxetakoa; Uxue Alberdik Zestoako lehen saioan esandakoa lapurtuz, bazirudien munduari buelta emango ziola. Ilararekin harrituta eta larrituta iritsi zen Uxue ateraino. Txikia zirudien ilara haren puntaren puntan. Eta harrituta utzi gintuen oholtzara igo ahala nola hazi zen ikusita. Horregatik ere miresten ditut bertsolariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo