GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kontrol sozialaren alderdi kontrolaezinak

Fernando Grande-Marlaskak iragan astean atxilotutako gazte independentisten auzian idatzitako autoak herritar hauek kartzelan edukitzeko dituen arrazoi juridikoen ahuldadeaz gain, beste zerbait ere erakutsi du: gaur egun Poliziak eskuko telefonoen bitartez egiten duen kontrol sozial eta politikoa benetan zenbaterainokoa den. Izan ere, autoan azaltzen denez, kontrolpean zeuden gazteetatik batzuk kontrol horretatik «ihes» egin omen zuten telefonoa etxean utzita. Ikuspuntu juridiko batetik larriena, agian, gertaera hau gazte horien borondate txarraren erakusle gisa aurkeztea da, kartzelan sartzeko aitzakia bihurtzea, alegia. Baina, sakonago joanda, kontrol era hauen zilegitasuna eta are egokitasun juridikoa ere zalantzan jar daiteke. Hainbat juristek jardunbide honek eragiten dien kezka aipatu dute honezkero. Ohi bezala, Barne Ministerioaren erantzuna « polizia eraginkortasunaren» defentsan oinarritu da. Izan dira, nolanahi ere, bi argudio gehiago: bata, mundu osoan egiten den zerbait dela -Madrilgo Gobernuarentzat munduaren egoera alor honetan eredugarria da, antza-, eta bestea, «ETAren aurkako borrokan» baliagarria dela, nola ez. Azken batean, kontrol sozialaren auzian beti airean geratzen den galdera dugu hemen ere: «Nork kontrolatzen du kontrolatzailea?». Eta Estatu espainolaren kasuan behintzat, argi geratzen da erantzuna ez dela «epaileak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo