GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Emakumezkoen Superliga berrituak ez du zaleen eta talde beteranoen iritzia aldatu

Emakumezkoen Superligak zalaparta ugari sortu du. Federazioak erabakita, multzo bat izatetik hiru izatera pasatu da, talde kopurua handituz eta maila jaitsiz. Mailako talde beteranoak, Reala, Athletic eta Lagunak, erabat aurka daude. Erabaki honek, ordea, Eibarri ateak zabaldu dizkio.

p028_f01_18297.jpg

Jon LEUNDA

Emakumezkoen Superligak zalaparta ugari sortu du eta sortzen ari da aurtengo denboraldian. Espainiako Federazioak, bertako selekzioko entrenatzailearen asmoarekin bat egin, eta orain arteko antolamendua aldatu, eta datozen hiru urtetarako berria ezarri du. Honek haserre handia sortu du orain arte goi-mailan zeuden taldeengan, nahiz eta beste batzuei, Eibarri, esaterako, mesede egin dion.

Real Madrilek emakumezkoen taldea atera behar zuela-eta, hasi zen edo horren aitzakian abiatu zen proiektu berri hau. Talde handi baten izenak maila nagusian egon behar duela-eta, Federazioak mutilen Liga profesionalean zeuden taldeekin, eta elkarte anonimo zirenekin hitz egin, eta horiei Superligan parte hartzeko aukera eman zien, nahiz eta hori zelaian ez irabazi.

Beraz, multzo bakarreko maila izatetik, mutilen Lehen Mailan bezalaxe, zortzina taldez osatutako hiru multzo izatera pasatu da, nahiz eta Murtziak eta Cacereñok uko egin zioten azken unean, eta zazpiko bi multzo geratu diren. Lehen fasearen amaieran, multzo bakoitzeko lehenengo bi sailkatuek, eta hirugarren geratzen diren bi onenek, Liga izango dute jokoan. Beste guztiak bi multzotan banatu eta beste liga bat jokatuko dute, eta onenek Kopa jokatu ahal izango dute. Maila inork ez du galduko. Lehen Mailatik, aldiz, orain arte bezala, bi igoko dira.

Iaz, Athletic, Lagunak eta Reala ziren mailako euskal ordezkariak. Aurten, berriz, lau dira, iazko hirurei Eibar gehitu baitzaie. Superligako hiru euskal talde beteranoak proiektu berri honen kontra agertu ziren hasieratik eta kontra jarraitzen dute, Realeko ordezkari Garbiñe Etxeberriak adierazi zuen bezala: «Superligan geunden talde ia denak agertu ginen aurka, bakarren bat uste dut izan zela alde atera zena. Baina hau ezin da onartu. Nire ustez, oso maila polita lortu zuen Superligak, eta honekin sekulako atzerapausoa eman dugu. Lortutako aurrerapen guztiek atzera egin dute orain bat-batean, eta hori ez dut uste inondik inora ona denik», esan du gipuzkoarrak.

Gainera, Liga hau antolatu den bezala antolatzeko erabili diren argudioak ere ez direla bete ekarri du gogora: «Liga honela antolatzeko, esan zuten Real Madril zetorrelako zela, eta horrek izena emango zionez, hasieratik jokatu behar zuen Superligan. Gero, ordea, madrildarrek ez dute talderik atera. Esaten zuten erabaki honekin emakumezkoen lizentziak gehituko zirela, baina hori ere ez da lortu, talde batzuk sortzeko beste batzuk desagertu baitira», azaldu du.

Horrez gain, Liga hasieratik gaizki hasi zela adierazi du: «Zortziko hiru multzo ziren izatekoak, baina Liga hasi baino lehen bi taldek uko egin zioten jokatzeari, eta bi gutxiagorekin ari gara, nahiz eta gure multzoan, zortziak ari garen. Nik uste dut, hau ez dela serioa», esan du Etxeberriak.

Ligaren maila ikaragarri jaitsi dela ere onartu du: «Maila asko jaitsi da. Multzo batzuetan sekulako astinduak ematen ari dira talde batzuk besteei, eta hori ez da ona. Lehen oreka hori ia lortua zegoen. Jokalariek ere motibazioa galtzen dute, eta honek beste arrisku bat ere sortzen du. Hor, 28-29 urteren bueltan dabilen jokalari on batek utzi egin dezakeelako, hau atzerapausoa delako. Ikusle kopurua ere jaitsi egin da, azkenean, dena atzeraka doa erabaki honekin. Honen guztiaren atzean Espainiako hautatzailea dago, baina ez dakit bere selekzioari ere mesede egin dion, jokalariak lehen baino maila ahulagoan ari baitira».

Berak garbi dauka zelaian meritorik egin gabe igo diren taldeak oso maila eskasa ematen ari direla: «Zalantzarik gabe, eta hori oso nabaria da. Gure multzoan dauden hiru ahulenak horrela igo dira, eta besteengandik oso urruti daude, eta beste multzoetan ere bai. Honek ez du ezer onik ekarri, aurretik ikus zitekeen moduan».

Etorkizunari begira ere ez da oso baikor agertu: «Hau hiru urtetarako egin dute, baina ez dauka zentzu handirik. Hasieran borroka handia egin genuen honen aurka, baina alferrik zela ikusi genuenean, etsi egin genuen. Denborak arrazoia emango zigula uste genuen, eta horrela izan da. Ligaren bigarren zatia polita izango da multzorik onenean sartzea lortzen dutenentzat; besteentzat, kalbarioa izango da, bai behintzat, Kopan sartzeko aukerarik gabe geratzen direnentzat», esan du Etxeberriak.

Txanponaren beste aldea

Txanponaren beste aldean Eibar taldea dago, aldaketa honek mailarik gorenean jokatzeko ateak zabaldu baitizkio. Hala ere, eta entzuten ari denak entzunda, kontu hauekin nahikoa nazkatuta agertzen da taldeko koordinatzaile Jorge Veloso. «Badirudi gu garela Superligako euskal talde gaiztoa, eta horrela esan eta begiratzen digute, baina hau ez da horrela. Begira, gu ez gara joan Superligan aritzeko eskatzera, guri eskaini egin digute aukera hau, eta aprobetxatu egin dugu. Guk Federazioak eskatzen zituen bi baldintzak betetzen genituen: futbol profesionalean geunden eta elkarte anonimoa gara. Beraz, aukera aprobetxatu eta urratsa ematea erabaki zuen zuzendaritzak. Hortik aurrera inork ez digu ezer oparitu, eta gu geure lana egitera etorri gara, eta ez inori ezer kentzera, guk ez baitugu inoren aurka egin. Nik uste dut badagoela denontzako lekua», esan du.

Helduen mailan iaz bi talde zituen, eta lehenengoa Lehen Mailatik lurraldekora jaitsi zen. Hori dela eta, Superligan egoteagatik ere kritika ugari entzun behar izan ditu Euskal Herrian: «Baina hori ez da horrela. Lurraldeko mailara jaitsi zen taldea han ari da. Iaz bat Lehen Mailan ari zen, eta bestea lurraldekoan. Aurten biak ari dira lurraldekoan, lehenengoa ere jaitsi egin baitzen. Superligako talde hau berria da, aurten sortua, beraz, esaten ari dena ez da egia. Iazko taldetik zazpi bat jokalari ekarri ditugu, eta besteak kanpotik ekarri ditugu, baina ez diogu inori kalterik egin. Bi talde hauetaz gain, gainera, kadete mailan ere badugu beste talde bat, eta Superligan dauden beste talde batzuek ezin dute hori esan», gaineratu du Jorge Velosok.

Hala ere, ulertzen du Superligako taldeen haserrea: «Ulertzen dut, eta egia da maila jaitsi dela. Ulertzen dut Federazioak gauzak ez dituela oso dotore egin. Emakumezkoen futbolean lan asko egin duten eta maila handia duten taldeak bai baitaude, gero mutiletan talderik ez, edo maila oso apaletan dituztenak, eta haiekin ez dute hitz egin, eta hori agian ez da oso polita, baina hor guk ezin dugu ezer egin. Lehen aipatu bezala, guri eskaini egin digute aukera hau, eta guk baietz esan genion. Ez dut uste besteen haserraldien errudunak gu garenik, erabakia instituzionala izan baita, eta guk ez daukagu horrekin zerikusirik», esan du Jorge Velosok. Berak argi du, gainera, azken batean, lehen Superligan zeuden taldeei honek ez diela aparteko kalterik egiten: «Aurrez esan bezala, egia da maila jaitsi dela, baina lehen zeuden talderik onenei ez diete aparteko kalterik egiten, azken batean, amaieran multzo bakarra egongo balitz bezala arituko dira. Amaieran onenak eta Liga irabaz dezaketenak multzo nagusian izango baitira».

Bestalde, Ligako bigarren zatian multzo nagusiak bakarrik izango duela interesa esaten dutenekin ere ez dago ados: «Hori ez da horrela. Beste bi multzoetako onenek ere Kopa jokatuko dute, beraz, hor badago sari eder bat. Gainerakoentzat, taldea egiten jarraitzeko aukera dago, beraz, uste dut denontzat dagoela zerbait jokoan, guk, behintzat, horrela ikusten dugu», dio Eibarko nesken futboleko koordinatzaileak.

Bada, ordea, salatu nahi duen beste zerbait ere: «Gure jokalariek sarrera gogorrak dezentetan jasotzen dituzte, eta horren inguruan aurkariei kexa adierazten dietenean, `hau Superliga da, ea ulertzen duzuen', esaten diete. Nik berriro ere lehengoa esango dut, gu ez gara Superligara inori kalte egitera etorri, guk gure aukera aprobetxatu nahi dugu», argitu du.

Velosok oso garbi dauka hiru urteko proiektua ongi dagoela, eta beharrezkoa zela hor talde berriak sartzea nahi baldin bazen: «Asmo hau aurrera ateratzeko, eta talde berriak hor sartzeko, ezinbesteko baldintza zen. Urte bateko aukera bakarrik emanda, badakizu jaitsi beharko zarela, eta ez zara hemen sartzen. Hiru urtetan, aldiz, taldea egin eta sendotzeko aukera daukazu, eta hori behar-beharrezkoa zen», onartu du.

Taldearen norabidearekin oso gustura agertu da bera: «Zuzendaritzak proiektua aurrera eramateko ahalbide guztiak eman dizkigu, eta emaitzik eskatu gabe. Ea lehen urtean partidaren bat irabazten genuen esan zigun, eta jadanik bi irabazi eta bat berdindu dugu. Bigarren itzulian gure pareko talde gehiago izango dira, eta aukera gehiago izango ditugu. Taldea erabat berria da, Superligan eskarmenturik ez duen jendea ekarri dugu, eta horiek egiten ari dira. Oso gustura gaude, eta garbi daukagu honek gorantz egingo duela, eta egiten ari garenarekin gustura gaude», esan du.

Haserre

Emakumezkoen futbolean, ordea, Liga profesionalean ez dauden beste talde batzuek lan gehiago egin izan dute, eta horiekin inork hitz egin ez duela-eta nahiko haserre agertu dira. Horietako bat da Oiartzun taldea. Iaz Lehen Mailan txapeldun izan zen beren multzoan, eta igoera fasea jokatu ostean ez zuten igotzerik lortu. Hala ere, eraberritze hau ez dute batere ondo hartu: «Nik uste dut hau desastre bat dela. Superliga maila oso ona eta polita zen, baina dena puskatu dute. Hasieratik egon ginen horren aurka, bai Gipuzkoako bai Espainiako Federazioari esan genien, baina hemen inork ez du ezer egin, ez zitzaielako interesatzen. Real Madril atera behar zela, eta ateak zabaldu zaizkio, eta gero ez du talderik egin. Beste batzuk hasieran baietz esan eta gero ez dira atera. Uste dut atzerapausoa eman dela», dio Mikel Irigoien Oiartzun taldeko presidenteak.

Beraiekin inork hitz egin ez izanak ere pena ematen dio: «Nik uste dut gauza itsusia izan dela. Begira, guk Liga bat eta hiru Kopa irabazi ditugu. Añorgak, ere titulu mordoa beraganatu ditu, baina gurekin ez du inork hitzik egin, eta uste dut zerbait egin dugula emakumezkoen futbolean. Erabaki honen aurka geunden, eta zelaian lortzen ez bagenuen seguru aski ez ginen igoko, baina gutxienez hitz egitea itxurazkoa izango zen. Hori ere ez zuten egin, eta uste dut nahiko itsusia izan dela», eman du aditzera Oiartzun taldeko presidenteak.

Oiartzun aurten berriro ere Lehen Mailan lehen postuan da, eta garbi dute zein den helburua: «Berriro ere Liga irabazi eta igoera fasea jokatzea. Taldea indartu egin dugu aurten eta saria nahi dugu. Igotzea lortzen badugu, uste dut, iaz esan nuen bezala, neskak ezin ditugula Superligarik gabe utzi», esan du oiartzuarrak.

Beraz, oraingoz, gauzek lehen bezala jarraituko dute. Superligako talde beteranoei dagokienez, nahikoa garbi dago Athleticek bigarren fasea multzo nagusian jokatuko duela, Liga jokatuko duela, alegia. Realak badu aukerarik multzo horretan sartzeko, baina ez dauka batere samurra. Lagunak-ek, aldiz, zailagoa izango du lehen multzo horretan sartzea. Helburu hori lortzen ez badute, donostiarrek eta Barañaingoek Koparako sailkatzea izango dute helburu, eta horretan borrokatu nahi dute, nahiz eta garbi duten multzo nagusian izatea oso garrantzitsua izango dela, horrek askoz ere maila hobean jokatzea esan nahiko lukeelako, eta Koparako sailkatzea ere segurtatuta izango luketelako. Besteak beste, hantxe izango baitira Espanyol, Levante, edo Rayo Vallecano, azken urte hauetan, Athleticekin batera, Superligak izan dituen talderik onenak. Eibarren helburua, berriz, lanean jarraitzea da eta hobetzen joatea. Lehen fase txukuna egiten ari dira, eta bigarrenean hori hobetu nahi dute. Lehen Mailan, aldiz, Oiartzunek jarraitzen du lehenengo, eta badirudi aurten ere Liga irabazteko faborito nagusiak direla. Horixe da hauen helburua, eta gero ahal bada, Superligara igotzea. Beraz, hurrengo urtean, agian, bost izango dira Superligan arituko diren euskal taldeak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo