GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ander Oleaga Benguria Bertsolaria

Google bedeinkatua, Google madarikatua

Zehatzago, kalterik kezkagarriena: bideoak irratiko izarra hil zuen bezalatsu, Google madarikatuak bazkalosteak hil ditu

Elizak bere eskuetara erori diren (edo erorarazi dituen) informazio-iturriak modu bikainean kudeatu dituela beti esanez hasiz gero, ez dut uste Nobel Sarirako izendatuko nautenik. Botere legegile, exekutibo edo judizialak -noizbait bereizita egon badira, bederen- gaur egun duen tresnarik baliotsuena informazioa dela diodanean, ados agertuko dira nirekin berau osatzen dutenak ere. Edo enpresa handietako ugazabek dituzten aktiborik garrantzitsuenak pertsonak direla diotenean, badakigu informazioa dela esatea baino etikoagoa delako diotela.

Beste modu batean esanda: zerk egiten ditu Eliza, boterea eta enpresa handiak XXI. mende honetako edozein gizarte-antolaketan piramideko gailur? Erantzuna jakin arren, zuoi ere ez dut uste Nobel Saririk emango dizuetenik...

Baina, bizi garen informazioaren garai honetan, affaire honen guztiaren ardatza informazioa dela esatea azaleko analisia baino ez litzateke. Izan ere, informazioak, noski, berebiziko garrantzia duen arren, informazio horren kudeaketa egoki batek egiten du ahaltsu edonor. Edo are gehiago, informazioa izan eta antolatzeko gaitasuna duenak, horrela, nahi duen bezala erabiltzeko gaitasuna du; sinestunak, korrupzioa eta etekinak -edo, batzuetan, denak batera- etorriko dira horren ondotik.

Hortaz, zer geratzen zaigu piramidearen oinarri-oinarrian gauden beste guztioi? Bada, Google bedeinkatua.

Ezin esan genezake, nahita ere, informaziorik egon ez dagoenik; ez eta eskuragarri dagoen informazio hori guztia antolatzeko tresnarik ez dugunik ere. Berau erabiltzeko tresnarik ez dugula da oinarrikook dugun arazoa, gailurrean baikeundeke bestela. Edo tresnarik ez genuela uste nuen joan den asteburuan lagunekin bazkari batera joan arte.

Informazioa maneiatzearen mesedeak, uste dut, ezagun direla denontzat; kalteak dira, ordea, gehienontzat oharkabean gera daitezkeenak eta, bazkari hartako bazkalostearen harira, gaur nabarmendu nahi nituzkeenak. Eta, zehatzago, kalterik kezkagarriena: bideoak irratiko izarra hil zuen bezalatsu, Google madarikatuak bazkalosteak hil ditu.

Euskal (eta ez hain euskal) ohiturarik zaharrenetarikoa izango da, beharbada, bazkalosteko lagunarteko solasaldia. Horretan genbiltzan gu ere, Samantha Fox-en kanta ezagun hura inork melodia batera ezin ekarrita, batek azken generazioko sakelako telefonoa atera eta denok entzuteko moduko bolumenean jarri zuen arte. Ordu laurden bat beranduago, auskalo zergatik, Juanito Oiartzabal genuen hizpide: izar mediatiko bihurtu aurretik harakina edo arrainduna izan ote zen. Sakelakoak itxi zigun, berriro, ika-mikarako zein apusturako (hau bai euskalduna) bidea.

Zerbait, berez, ez omen da ez ona ez txarra; onak edo txarrak erabilerak, omen. Une hartan bertan, eta modu unilateralean, bazkalostea amaitutzat eman eta, erdi haserre, etxerako bidea hartu nuen.

Azaldu berri dudan gogoeta buruan nuela sartu nintzen siestara. Baina, aurretik, gauerako zer eguraldi egingo zuen galdetu nion Google-i. Google madarikatua!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo