Sexua aldatzeko ebakuntza osteko orduak ondo eman ditu pazienteak
GARA
Osakidetzan egindako sexua aldatzeko lehen ebakuntza egin ostean pazienteak ondo eman ditu operazioaren ondorengo orduak. Gurutzetako Ospitalean egin zioten sexua aldatzeko ebakuntza eta bertako iturriek komunikatu batean argitu zutenez, gizonezkoaren sexu-organoak zituen pazienteari emakumezkoarenak jarri dizkiote.
Osasun zerbitzu publikoak orain arte egindako lehendabiziko ebakuntza bi fasetan egin zuten. Lehenik eta behin, bularretako ebakuntza egin zioten, eta, bigarrenik, sexu- -organoa aldatzeko ebakuntza. Aipatutako iturriek jakinarazi zutenez, goizeko bederatzietan hasi eta arratsaldeko seiak eta laurdenera arte iraun zuen prozesuak.
Atzo jakinarazi zutenez, pazientea erreanimazio unitatean dago eta ondo erantzuten ari da. Dena den, datozen egunotan, jarraipen berezia egingo diote Gurutzetako Ospitalean. Bizkaiko ospitaleak aditzera eman zuen astelehenean egindako era honetako lehen ebakuntza horrekin osasun zerbitzu mota hori beren egunerokotasunean sartua dutela dagoeneko.
Azkenik, ospitaleak «pazientearen intimitate eskubidea eta konfidentzialtasuna» bermatu nahi duela nabarmendu zuten.