Emakumezkoen Superliga derbia
Athletic multzo nagusian izango da
Emaitza honen ostean, bizkaitarrek onenen aurka jokatuko dute bigarren fasea. Realak lanean jarraitu beharko du, aukerak bai baititu.
REAL SOCIEDAD 2
ATHLETIC 2
Jon LEUNDA
Athleticek Ligako bigarren fasea talderik onenen aurka jokatzeko urrats garrantzitsua eman zuen atzo Donostian berdinketa lortuta. Zuri-urdinak, aldiz, hirugarren geratuko dira, Prainsak irabazi egin baitzion Eibarri. Beraz, bi jardunaldiren faltan, donostiarrek lanean jarraitu beharko dute bigarren fasea onenekin jokatu nahi baldin badute.
Norgehiagoka ez zen handi horietakoa izan, baina bai tentsio handikoa, baita emozio handikoa ere. Derbiak, gainera ikusmina ere ikaragarria eragin zuen, izan ere bi taldeak maila nagusian daudenetik aurtengoa izan baita orekatuena, eta gainera, biak zuten bigarren fasea onenekin jokatzeko aukera. Atzokoak dena zuen, beraz, partida handia izateko, eta ez zuen hutsik egin.
Azkenean, joanekoaren emaitza errepikatu zen, ordea. Lehen zatian Athleticek izan zuen partida kontrolpean, eta azkar hartu zuen aurrea markagailuan. Iraiak falta atera, eta Eli Ibarrak doi-doi buruz ukitu eta Sokoa Azkarate atezainari aurrean botea egin, eta sarera joan zen.
Hortik aurrera, Juaristik zuzentzen dituen neskek ukan zuten baloia, baina Azkaratek ez zuen izan aparteko larritasunik. Donostiarrek, gainera, partida berdintzeko aukera aprobetxatu zuten, Athleticen golaren oso tankerakoa eginez, hain zuzen.
Ezkerraldetik Larraitz Lucasek falta atera, Zelaia joan zen buruz jotzera, eta ukitu ez bazuen ere, baloiak botea egin zuen, eta Ainhoa Tirapuk ezin izan zuen baloia gelditu. Hortik aurrera ez zen ezer aldatu. Zuri-gorriak beren jokoa egiten, baloiaren jabetza beraiek zuten, eta aukeraren zain jarraitzen zuten. Donostiarrak, berriz, ezinean, baloiaren atzetik.
Atsedenera joateko sei minutu falta zirenean, Erikak ez zuen barkatu, ordea. Athleticeko golegile nagusiak ederki aprobetxatu zuen zuri-urdinen hutsegite bat, Azkarateri iskintxo egin, eta baloia sareetara bidaltzeko. Denboraldiko bere bederatzigarren gola lortu zuen atzoko norgehiagokan.
Bigarren zatian ere lehen minutuan kanpotarrak ziren nagusi berdegunean, baina apurka-apurka zuri-urdinak gain hartzen hasi ziren, eta azkenerako nagusi izaten amaitu zuten. Aukerak, ordea, lehen zatian bezalaxe, ez ziren gehiegi izan.
Berdinketa 61. minutuan heldu zen. Pase zuzena egin zuen Zelaiak, eta Herrerok baloia hartu, Ainhoari ihes egin, eta berdinekoa lortu zuen. Herrero ere bolada bikainean dabil, azken hiru jardunaldietan hiru gol egin baititu, eta atzokoan ere partida bikaina egin zuen.
Hortik aurrera Javier Garmendiak zuzentzen dituen neskak jo eta su aritu ziren hirugarren golaren bila. Berdinketarekin Athletic ongi zegoen, bigarren fasea onenekin jokatzeko txartela eskuetan baitzuen horrekin, baina ez Realak, eta amaierara bitarte emozioa izan zen nagusi, jokoa apartekoa izan ez bazen ere. Baina bietako inork ez zuen lortu berriro atea zulatzea, eta puntu banaketarekin konformatu behar izan zuten. Datozen bi jardunaldiak nahiko erosoak izango dira bi taldeontzat, baina Prainsa Zaragozarentzat ere bai.
Eibar eta Lagunak
Atzo Zubietan batu zirenak Zaragozara begira ere egon ziren, han jokatzen baitzuen Eibarrek Prainsaren aurka, donostiarren eta bizkaitarren aurkari zuzena. Zaragozakoek ez zuten barkatu, eta 6-0 hartu zituzten mendean gipuzkoarrak. Alde handiak daude goiko eta beheko taldeen artean, eta berriro ere agerian geratu zen hori.
Eibarrek badaki ahulenekin jokatu beharko duela bigarren fasea, baina Liga hasi aurretik ere bazekiten, eta beren helburua taldea egiten joatea izango da, erabat berria baitute aurtengo taldea.
Jesi, Oihana, Laura, Alaitz, Lauri (Leire, 66.min), Ainhoa, Nerea, Irune, Eneritz, Maialen eta Irati aritu ziren atzo Eibarko taldea defendatuz.
Lagunakek ere badu bigarren fasea onenekin jokatzeko ametsa, baina ia-ia ezinezkoa dauka. Atzo Valladoliden aurka jokatu zuen Barañainen, eta aurrez uste zen bezalaxe, nafarrek ez zuten izan aparteko arazorik Valladolidekoak mendean hartzeko, 3-1 emaitzarekin.
Lehen minututik ikusi zen bi taldeen artean zegoen aldea, eta kanpotarrak saiatu eta une batzuetan estu hartu bazuten ere, azkenean Lagunakek bere maila agerian utzi eta erraz hartu zuen mendean sailkapeneko azken taldea. Lagunakek, orain, bere partidak irabazi, eta itxaron egin beharko du.