Maider Iantzi Kazetaria
Durangoko funanbulistak
Bukatu da Azoka, Landakoko giro berezia. Jendea postuz postu ibili da euskal kulturak eman duen berriena ikusten eta ezagunekin solasean; hamaika herritatik etorritako lagunek herri bat marraztu dute. Kanpoan, tabernetan, euskalki guztiez osatutako koktela eta besta.
Desmuntatu dituzte standak, bildu dituzte liburu, disko eta jokoak, bueltatu da bakoitza bere etxera. Orain kaxetatik ateratzeko eta itzulipurdia egiteko ordua da. Irudimena eta sorkuntza erabiliz gauzei buelta ematen saiatzeko garaia, Mikel Zuluaga idazle bilbotarrak «Jueves verbena» nobelan (edo aienean) aldarrikatzen duen bezala. Bertako protagonistak, Gindi zirkuko akrobatak, berehala lortu du nire konplizitatea. Nik ere funanbulista izan nahi dut, eta itzulipurdi harrigarriak egiten ahalegindu, gauza txikiekin mundutzar hau alda daitekeela sinesten baitut.
«Gindik utopia bilatzen du. Gogo handia du, baina ez da ailegatzen. Beste jauzi arriskutsu bat egiten du. Ezer ez. Bala gizonaren kanoiarekin probatzen du. Hurbiltzen doan ahala, utopia urrundu egiten da. Ia ukitu du, ez da iristen. Ez da inoiz iristen». Baliteke utopia hori bera izatea, bidea. Ezinezko helmuga baten itxaropena eta irrika. Baina ibiliz urratsak ematen dira, eta irakurriz eta entzunez, aukerak, ideiak, ametsak, gogoetak, nahiak, ezusteak, abentura zirraragarriak sortzen. Durangoko topaguneari heldu den urtera arte erran behar diogu. Arestiren poesiaren mailuari, egunero kolpeka dezala!