Bi emakume desagertuta daude, bata Deba inguruan, eta bestea Pasaian
Igandetik ari dira bilatzen Deba eta Mutriku inguruan desagertutako 61 urteko emakumea. Ohi bezala paseatzera joan zen, baina etxera iritsi ez zenez, Ertzaintzari abisua eman zioten senideek. Pasai Antxon, aldiz, astelehenetik falta den 50 urteko emakume baten bila ari dira.
GARA
Azken hiru egunotan, bi emakume desagertu dira Gipuzkoan, 50 eta 61 urtekoak hain zuzen ere. Deba eta Mutriku inguruetan igandean desagertutako 61 urteko emakume baten bila ari dira; eta Pasai Antxon, bestalde, astelehenean lanera joan eta etxera bueltatu ez zen 50 urteko emakume baten desagerpena ikertzen ari dira.
Mutriku eta Debako inguruetan astelehen goizaldean hasi zen Ertzaintza 61 urteko emakumearen bilaketa lanetan. Igandean, maiz egiten zuen bezala, inguru horretatik buelta bat ematera atera zen emakumea, baina 19.00ak pasata etxera bueltatu ez zenez, Ertzaintzari abisua ematea erabaki zuten senideek, kezkatuta.
Abisua jaso bezain laster, desagertutako emakumea aurkitzeko lehendabiziko ikertze lanak egin zituen Polizia autono- mikoak, eta inguruetako zenbait bazter arakatu zituzten. Debako itsasadarrean eta Mutrikurainoko itsasertzean ere bila aritu ziren, baina emaitzarik ez dute lortu orain arte.
Lakuako Barne Sailak aditzera eman zuenez, astelehen goizetik, helikoptero bat, Itsas Salbamenduko itsasontzi bat, Ertzaintzako Brigada Mugikorreko zenbait agente eta DYA eta Gurutze Gorriko hainbat kide aritu dira bilaketa lanean.
Iluntzean, argirik ezean, bilaketa eten zuten eta atzo goizean berriz ekin zieten lanei. Hala ere, atzoko ahaleginek ere, astelehenean bezala, ez zuten lortu desagertutako 61 urteko emakumea non dagoen argitzea.
Astelehenetik desagertuta
Horrez gain, Pasai Antxon ere beste emakume baten bila ari dira. Polizia autonomikoa beste desagerpen horren nondik norakoak ikertzen ari da, eta DYAko boluntarioak inguruak arakatzen ari dira.
Emakumearen senideek argitu zutenez, asteleheneko 6.00ak aldera lanera joan zenetik ez dute izan haren berririk.
Itsas Salbamenduko ontzi bat, helikopteroa, eta DYA eta Gurutze Gorriko boluntarioak astelehenetik ari dira Deba eta Mutriku inguruan desagertu den emakumea bilatzen.
Pasai Antxoko emakumearen senideek argitu zutenez, astelehenean, goizeko seiak aldera, lanera abiatu zen emakumea, eta harrezkero, ez dute haren berririk izan.