GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Periodista

Soilik urtean behin, txikitan bezala

Azken orduak nora ezean igaro ditudala aitortu beharrean nago. Gogoan dut txikitan gurasoekin eta ahizparekin eguna pasatzera etortzen ginenekoa. Jendea nonahi, eta guztiek airean eramaten ninduten; ez nintzen inoren gerripera heltzen, soilik ni bezalako gazte «engainatuei» begiratu ahal nien begietara, hankapeka amaren eskuari helduta borrokan aritzen nintzen bitartean.

Gazte «engainatuak» ginela diot ez ginelako gai (pentsatzen dut ni bezala bat baino gehiago ibili izan dela garai batean asper-asper eginda jende artean) aurrean genuenaz gozatzeko. Urrun geratzen zitzaizkidan niri ahizpak erosten zituen liburuak, edo erakusmahai bateko liburu erakargarri baten azalari begira egonda saltzaile eta eroslearen arteko elkarrizketak. Tamalez, beste mundu bat zen niretzat. Urtean behin joaten ginela nekien soilik eta hura, edozein egunetan joanda ere, jendez gainezka egoten zela. Zorionez, esan beharra daukat, aurreko eraikina, karpa edo kokalekua ezagutzeko aukera izan nuela (askotan, gehiegitan akaso, gertatu izan baitzait ni baino zertxobait helduagoak direnek bizi dituztenak gozatzeko aukerarik gabe geratzea).

Orain, beste modu batera ikusten ditut gauzak. Gauza batzuk ulertzeko gai naiz, eta haiei zukua ateratzen ere saiatzen naiz. Hala ere, ez dut uste ez literaturan ezta musikan ere zerbait ulertzen duen gizabanakoa naizenik. Ezjakina izanda ere, Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokari hamaika bira ematea egokitu zait azken bost egunetan eta gauza bakar batekin itzuli naiz etxera; liburuak liburu eta diskoak disko, euskal kulturaren topaketa izateagatik bere xarma izateaz gain, urte osoan ikusi ez dituzun lagunen topaleku ere badela eta, beharrean dagoen altxorraren alde diru apur bat utzi ondoren, Plateruenan garagardo eder bat hartzea baino gauza hoberik ez dagoela. Azken finean, txikitako oroitzapenetara itzulita, ustekabean jende artean aurpegi ezagunekin bat egiteak sortzen duen zirrara ere urtean behin errepikatzen da, hori bai, amaren eskuari helduta joan gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo