Kosovoren gaineko jarrerak, hipokrisia-erakusketa
Nazioarteko Justizia Auzitegia, NBEren erakunde judizial gorena, Kosovoren independentziaren gaineko argudioak agertzeko gune da egunotan. Auzitegi horrek, argudioak entzun ondoren, «kontsultarako iritzia» emango du, loteslea ez bada ere, garrantzi ukaezina duena. Auziaren ingurura bildu diren estatuen jarrera hipokrisia-erakusketa ezin argiagoa da. Izan ere, aldeko eta kontrako jarrerak estatu horien interesen araberakoak dira burutik burura. Esate baterako, AEBei «biztanleria baten borondatea» defenditzen entzutea barregarria da. Errusiaren kasuan, Kosovoren independentziaren aurkako jarrera herri eslaviarren arteko elkartasuna kontuan hartzeko moduko elementua da, edergarri moduan ordea; Errusiak ezin du saihestu Kosovo aipatzen denean begiradak Txetxeniara zuzentzea, eta Hego Osetiaren eta Abkhaziaren kasuak hipokrisiaren mukuruaren jabe egiten du. Errusiarekin batera, Kosovoren independentziaren legezkotasunaren kontra agertzen da Estatu espainola ere, besteak beste. Ez Serbiaren lagun delako, ezta nazioarteko Zuzenbidearen defendatzaile sutsua delako ere, hain zuzen, baizik eta NBEren Auzitegiak Kosovoren independentzia zilegi jotzea arrisku gisa sumatzen duelako, Kosovo ez baita Jugoslavia ohiko errepublika, eta ate bat ireki lezakeen «arriskuaren» beldur da Estatu espainola, «biztanleria baten borondatearen» beldur den bezainbat.