GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Bigarren zatian Gonzalezek asmatu zuen

Joxemari ETXENAGUSIA Pilotari ohia

Atzoko finalak bi alde oso nabarmen izan zituen. Lehenbizikoan Martinez de Irujo oso serio aritu zen, erregalurik egin gabe, erritmo bizian jokatuz, hau da, Irujoren alde ona azaldu zen. Tarte honetan Gonzalezek ezin izan zuen ezer egin, Iberokoak egiten zuenaren arabera aritu baitzen.

Baina atzoko finalaren sekretua izan zen, Gonzalezek une txarrenetan ez zuela amore eman. Lekuinekoa partidan sartuta egon zen beti, erdi erregalo batean nafarraren bolada moztu ahal izan zuen eta hortik aurrera partida askoz ere orekatuagoa izan zen. Hamargarren tantotik aurrera lehia berdindu egin zen, eta Martinez de Irujok paperak galdu zituela iruditu zait, epaileen hainbat erabaki kritikatu, dudako pilota guztiak eskatu eta atsedenarekin ere tirabirak izan zituen; Gonzalez, bestalde, oso serio aritu zen une guztietan eta irabazteko aukera zuela ikusi eta sinetsi egin zuen.

Finalaren bigarren zatian gauzak erabat aldatu ziren. Badakigu Irujo nolakoa den, eta hasieran ondo egindako guztia okertzen joan zitzaion, eta paperak galtzen amaitu zuen. Gainera, partida luzatzen joan ahala, Irujo txispa galtzen joan zela iruditu zait, bukaera aldera ez zitzaion pilota horrenbesteko abiadurarekin irteten.

Gonzalezi ez zaio inolako meriturik kendu behar, ordea, partida bikaina jokatu baitzuen. Hasieran lotuta izan zuen Irujok, baina bere aukeraren zain egoten jakin zuen, amaierara freskoago iritsi zen, eta erabakiak hobeto hartzeko gai ere izan zen.

Markagailuan bere burua atzetik ikusi zuenean, Martinez de Irujo saiatu zen gehiago arriskatzen, baina ez zitzaion ezer ondo irten, Gonzalezek, amaiera honetan erabakiak askoz ere zuzenago hartu zituelako.

Pilotarentzat ona izan daiteke pronostikoak horren argi jokalari baten alde egiten dutenean, halako ezustekoak gertatzea, nahiz eta bakarren baten poltsikoak kolpe latza hartuko zuen atzokoarekin. Txapela Lapurdi aldera joatea ere oso onuragarria iruditzen zait, pilotak aurrera egiten jarrai dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo