GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Durangoko euskal disko eta liburu Azoka

Krisiari neurria hartuta agurtu du 44. edizioa Durangoko Azokak

Agur esan dio beste edizio bati Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokak. Krisiaren mamua uxatu ezinda ibili da Landako gunea, baina emaitzak ahalik eta ondoen eusten saiatu dira egunez egun erakusmahaien atzean lanean aritu diren ehunka pertsonak. Zifrarik eman gabe, jaitsiera txiki bat nabaritu dela onartu zuen Gerediaga Elkarteak, baina orokorrean antolatzaileak pozik agertu ziren bost egunetan jendeak eman duen erantzunarekin.

p004_f01.jpg

Ariane KAMIO | DURANGO

Ateak itxi eta balorazioei ekiteko eguna izan zuen atzo Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokak 44. edizioa betiko agurtu aurretik. Jon Irazabal Azokako zuzendaria «orokorrean pozik» agertu zen aurtengoan lortutako emaitzekin, nahiz eta krisialdi ekonomikoak zeresanik eman duen argitaletxe eta diskoetxeen salmentetan. Irazabalen hitzetan, «krisiari eutsi egin diogu». «Begi-bistakoa da egoera ekonomikoa nola dagoen eta parte hartzaileekin hitz egin ondoren, gehienek ikusten dute nahiz eta beherakada bat egon krisiari eutsi egin zaiola, emaitza ekonomiko onak lortu direla», esan zuen. Horrela, nobedadeak edo berrikuntzak izan dituzten erakusmahaiek errazago saldu dute beren materiala; lan berriegiak ez zituztenek, berriz, lan gehiago izan dute. Egunez eguneko analisia egitean, jaitsierarik handiena larunbatean nabaritu zela ohartarazi zuen zuzendariak: «Larunbata beti izan da egun gogorra, jendearen erantzun ona jasotzen duena, eta aurten jaitsiera nabaritu da. Baina, bestalde, astelehena, adibidez, egun mantsoa izan ohi da eta aurtengoan jendez lepo egon da. Larunbateko uholde hori astelehenera igaro da, biak jai bezperak ziren, baina ez dakigu zer dela eta gertatu den hori».

«Ehun ekitalditik gora izan dituen egitarau batez gozatu ahal izatea izan da gauzarik pozgarriena» Irazabalentzat, eta horren lekuko zuzen izan dira Ahotsenean, Elkartegian edo azoka barruko aurkezpen aretoan gauzatu diren aurkezpen, irakurraldi, kantaldi eta hitzaldiak; «zirkua ere izan dugu aurten Durangoko kaleetan», gaineratu zuen.

Ekitaldi horien barruan aipatu zituen Kataluniatik Durangora joandako gonbidatuak eta Josep Bargallo Institut Ramon Llulleko zuzendariaren hitzak ekarri zituen gogora: «Nuestra voluntad es continuar estando presentes en la feria mediante nuestras vías de colaboración habituales, ofreciendo ayudas a las traducciones y a la presencia de escritores y músicos catalanes que vengan a actos de promoción». Euskal kulturaren zein kultura kataluniarraren erakusleiho berri izatea du helburu Durangoko Azokak, eta ez soilik tarteka egin daitekeen elkarlanaren emaitza. «Beren helburua katalanezko kulturaren presentzia liburu azokan eta Euskal Herrian nabaria izatea da eta gurea ahal den neurrian prozesu horretan laguntzea», azaldu zuen. Hartu-emanak dagoeneko izan du emaitzarik; 2010ean, Sant Jordi egunean, Gerediaga Elkarteak jasoko du Donostiako Espay Catalunya Topaguneak urtero ematen duen saria, Kataluniako kulturaren alde egindako lan eskerga eskertze aldera.

Zifrei uko

Azokako zuzendariak uko egin zion Landakora gerturatu diren bisitari kopurua zehazten dituzten zifrak emateari. «Konturatu gara zifra bat ematea azkenean gauza mekaniko bat dela, eta ezin dugula ziurtatu zifra hori fidagarria denik. Azken finean, azokak ez dauka sarrera bakar bat, albo banatan sarrera-irteera ateak baditu, eta daukan herrikotasun hori da konfiantzazko zifra bat emateko aukera galarazten diguna», esan zuen. Bere iritziz, «azokan eguneroko argazkiak ikustea nahikoa da jende andana ibili dela ikusteko. Horrekin frogatzen dugu ez dela beharrezkoa zifrak ematea, bistan delako arrakastatsua izan dela».

Beste zenbaki batzuei, aldiz, begirada berezia eskaini zien Gerediaga Elkarteak. Kazetariek urtero eskatu ohi dituzten zifra horiei erantzun bat eman nahian, azokan 300 erakusmahai egon direla nabarmendu zuen; bertan 500 pertsona aritu dira lanean eta, guztira, 25.000 lan ordu bete dira bost egunetan zehar. «500 langileko lantegi bat kontuan izateko lantegi bat da; 25.000 lan ordu kontuan izateko moduko kopurua da», baieztatu zuen.

Irazabalen hitzetan, azoka kultur espazio bat izateaz gain, «espazio ekonomikoa ere bada eta horrek bere emaitzak ematen ditu; ez zaio soilik kulturari erreparatu behar, baizik eta ekonomiaren barruan kulturak duen garrantzia nabaritzen hasten garela konturatu behar gara, ez dela soilik lau lagunen arteko gauza bat, ezta Gerediagaren medaila bat ere, ehunka pertsonak egiten duten lana da, talde handi baten emaitza da», ohartarazi zuen.

Ahotseneari aitortza

Ahotseneak, sortzaileen guneak, aipamen berezia jaso zuen balorazio ekitaldian. Egitasmoaren bultzatzaileen lana txalotzeaz gain, antolakuntzak hurrengo urteetan gune hori indartzeko apustua berretsi zuen eta azokan «beharrezkoa» den gunetzat hartu zuten. Edorta Jimenez idazlea, proiektuaren sustatzaileetako bat, pozik agertu zen aurten lortutako emaitzekin. «Azoka garai batean izan zen Ibilaldia, Korrika eta horrelako baten modukoa, ekintza edo bilgune sinbolikoa, neurriz kanpokoa. Beharbada, bere benetako neurrira etorri da, ez da neurri txarra, neurri polita da», hausnartu zuen.

Ahotseneak gune berri bat izan du aurtengoan; azokaren albo batean kokatutako karpa baten babesean aurkeztu dira sorkuntza guztiak, eroslea aurrez aurre izanik. «Astelehenean konturatu nintzen Ahotsenean ez zegoela backstage edo kamerinorik eta kantatzen, jotzen edo elkarrizketak egiten amaitu ostean, kantari, musikari edo idazleek ezin zutela ihes egin jendartetik igaro barik. Besarkadak, sinadurak eta denetarik egon da, eta horixe bilatu nahi izan dugu», gaineratu zuen.

Jimenezen asmoa ere ez zen zifrak ematea; berarentzat, gainerako sortzaileentzat bezala, helburua «sormena da, eta sortzaileok gure etorkizuna gure eskuetan hartu nahi dugu, irakurtzen gaituztenekin, gu entzuten gaituztenekin harreman zuzena izatea eta harrik har, kalea eta espazioa irabaztea». «Merkatua dago musikan eta literaturan -jarraitu zuen-, eta espazioak irabazten ez badira galdu egiten dira eta gure gunea zabaldu behar dugu».

Krisiak azoka apur bat astindu badu ere, sortzaileen ideiek gai horietaz ez dutela ulertzen ziurtatu zuen: «Sorkuntza ez dago krisian, krisian dagoena da sorkuntzaren emaitzen hedapena eta erabilera eta eskubideen kudeaketa, argitaletxe eta diskoetxeen geroa... Baina Ahotsenean zuzenean aditu duguna izan da bero-beroa, hunkituta utzi gaituena».

Salmentak babestuta

Egunaren buruan, azokako azken orduak aprobetxatzeko aukera baliatuz, argitaletxe eta diskoetxeetatik itzulia egin zuen garak. Guztietan antzeko erantzunak jaso ziren eta helburuak gutxi gorabehera betetzat eman zituzten denek. Ritxi Aizpuru Baga Bigako koordinatzaileak adierazi zuenez, «krisiak jo gaitu, baina ez horrenbeste». Iaz Gatiburekin saldu zituzten 1.400 diskoak ekarri zituen gogora, eta harekin lortutako arrakasta betetako xedetzat jo zuen honek ere. Lanik salduenen artean Des-Kontrolek atera berri duen diskoa izan du, nahiz eta Mikel Urdangarinen, Uskis-en eta Gatiburen ale ugari ere saldu diren.

Liburugintzari dagokionez, Elkar-ek eta Alberdaniak betetzat eman zituzten beren helburuak. Elkarren, esaterako, Kirmen Uriberen «Bilbao-New York-Bilbao», Karmele Jaioren «Musika airean» eta Unai Elorriagaren «Londres kartoizkoa da» izan dira salduenak. Alberdaniak Anjel Lertxundik azoka hasi aurreko egunetan aurkeztu zuen «Eskarmentuaren paperak» saldu du gehien, baita atzerriko egileen hainbat itzulpen ere. Horrez gain, liburu elektronikoak dituen argitaletxeetako bat izaki, bezeroak liburuaren moldaketa berri horretara gerturatzeko balio izan du azokak. «Saldu diren aleak sinbolikoak izan dira -esan zuten argitaletxekoek-, baina bezeroari informazioa eman eta produktu berri hori sakonago ezagutarazteko baliatu dugu azoka».

Etxeko kontuei begira, garako salmahaiko emaitzak ere onak izan direla baieztatu zuten. «Iazko salmentak berdindu ditugu eta, krisia gainean izanda, oso emaitza onak direla esan dezakegu».

Emaitzak emaitza eta krisiak krisi, Landako guneak datorren abendura arte itxi zituen ateak. Erakusmahaietako langileak materiala jasotzen geratu ziren bitartean, Durangoko Azoka argiak itzaltzen joan zen, apurka apurka urtebete irauten duen iluntasunera heldu arte. Datorren urtean ikusi behar nork jotzen duen atea gonbidatu gisa eta aurtengo arrakastak errepikatzen diren. Bitartean, izan ongi.

pozik

Argitaletxe eta diskoetxeek, oro har, salmenta kopurua mantendu dutela azaldu zuten eta pozik agertu ziren aurtengo edizioan lortutako emaitzekin, nahiz eta krisiaren eragina nabaritu den.

gerediaga, saritua

Sant Jordi egunean Epay Catalunya Topaguneak eman ohi duen saria Gerediaga Elkarteak jasoko du datorren urtean Kataluniako kulturaren alde egindako lana eskertze aldera.

etorkizunaren jabe

Edorta Jimenez: «Gurea sormena da, eta sortzaileok gure etorkizuna gure eskuetan hartu nahi dugu, irakurtzen gaituztenekin, gu entzuten gaituztenekin harreman zuzena izan eta pausoz paso, kalea eta espazioa irabazi».

espazio EKONOMIKOA

Jon Irazabalen hitzetan, Azoka kultur espazio izateaz gain, «espazio ekonomikoa ere bada eta horrek bere emaitzak ematen ditu; ez zaio soilik kulturari erreparatu behar, baita ekonomiaren barruan kulturak duen garrantziari ere».

ahotsenean

Gorka Urbizuk, aurten arrakasta polita izan duen Ahotsenean aurkeztu zuen «Payola» azken lana astelehen goizean, Plateruenan zuzenean jo aitzin.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo