Durangoko euskal disko eta liburu Azoka
Berri Txarrak hozka eta hozka, hortzen beharrik gabe
Anartz BILBAO | BILBO
Azkarrago, indartsuago, altuago -ozenago hobeto-, abiadura handia Durangora heldu zen herenagun, eta ez zen trenbidean zehar etorri, Lekunberritik baino. Berri Txarrak taldeak, hirukote bihurtua eta `mendebaldeko nafar' berria baxuan, David Gonzalez bizkaitarra, Plateruena dardaratan jarri zuen, jende andana -batzuk Estatuko paraje urrunetatik etorriak- kanpoan utzita, sarrerak aspaldi agortuak ziren-eta.
Gauzak horrela, hitzordua baino ordubete lehenago jende ilarak sortu ziren aretoko atarian, lubakietako lehen lerroak nork lortuko.
Azpiegiturari dagokionez ere nazioarteko taldeen inolako inbidiarik gabe, «Payola» diskoaren azala oholtza gainean zabaldu, eta 22.45ean hirukotea jendaurrera agertu zenerako, artega zen publikoa, rock zaparrada gosez. Metala bahetik pasa eta pisua arinduta, inoiz baino gehiago, rock & rolla baita Berri Txarrak.
Urteko azken kontzertua zuten nafarrek atzokoa, eta Gorkak esan zuenez, berezia -jaiotzak medio-. Lurraren kalipu iturri nagusia ekia bada, Goikoetxea da BTX elikatzen duen lokomotora zoro geldiezina. Bere aurrean, bateria-jotzaileak David Gonzalez zuen, dagoeneko aurkezpen beharrik gabeko musikaria gurean, besteak beste Cobra, P.L.T. edo Atom Rhumba taldeetan erakutsia duen trebetasunagatik. Honen ondoan, Gorka Urbizu, bidaia zuzenduz eta ñabardurei adi, «gauza txikien xarma horretan sinesten dugulako» -eta bada zerbait-.
Zaleak hirukotea baino gusturago zirela, kantu guztiak ozen oihukatuz, «Achtung», «Izena, izana, ezina» eta «Kezkak» bezalako ukabilkadekin hasi eta «Jainko ateoa» bihurtuta bukatu, tartean «Payola» ia goitik behera jo eta «Oreka» jada klasikoan gaztetxoenak sutan jarrita.
Atsedenik gabe eta trinko, hiru musikari bikainak serio demonio jo zuten, baina Gorkak izan zuen Nafarroako Gobernua -Franco ez zen 75ean hil denontzako-, edo EAEk lortu `normaltasun' anormala hizpide hartzeko beta, eta arbasoei eskaini zien «Paperezkoa».
Bi ordu betetzeko gertu eta izerdi patsetan, «Ikasten» edo «Oihu» bukaerarako utzi, eta zaleek horrela eskatuta, «Maravillas» zoragarriarekin itxi zuten jarduna -memoria berreskuratuta-. Aurretik, bitxikeria bat aipatzearren, Urbizuk horizontalean jotzeko aukera ere izan zuen, oholtzara igotzeko eskaileretan luze etzanda.
Festarik festa
Nafarren jardunak itxiera borobila eman zion Plateruenan gauero izandako zuzeneko erraldoien sailari. Ostiralean Betagarrik ireki zuen jaia, «Bizitzari txistuka» dantza eta dantza, laurehun bat entzule jamaikar giroetara eramanda. Eta igandean Mikel Urdangarinen proposamen lasai eta hurbilagokoak ere hirurehunetik gora entzule erakarri zituen, mahai inguruetan eserita jarraitu zuten zuzenekora. Baina proposamen gogorrenak izan dira ezbairik gabe Plateruenan jendetza metatu dutenak, eta rock zale grinatsuz lepo azaldu zen larunbatean, Des-Kontrolen punk oi! doinuak eta, batez ere herenegun BTX eztandaz gozatu eta eztarriak urratzeko, Azoka gero eta gehiago, zuzenerako plaza ere badelako.
Ipar Euskal Herriko literatura eta musika sorkuntzak bere egin zuen atzo Plateruena, aurreko egunetan eta sekulako arrakastaz Ahotseneak egin duenaren antzera, beren uztaren berri kultura zaleari zuzenean emateko.
Goizean, eta aurkezpen aretoan, Maiatz argitaletxeak plazaratu Marikita Tambourinen «Iraun» eta Etxamendiren «Idazlanak 1 eta 2» lanez solastatu ziren egileak, azken hau modu bereziki fin eta hunkigarrian. Bitartean, musika zen nagusi Plateruenan. Goizean folk musika izan genuen. Jean-Mixel Bedaxagar zuberotarrak dotore ireki zuen jarduna Elkar etxeak plazaratu «Auñamendi» aurkezten, oholtzari muzin egin, eta aretoaren erdigunean kokatuta, ikus-entzuleak borobilean adi-adi zituela, eta Bernadette, Jojo eta Aletxandre Bordagaraik Mixel Thicoiperekin batera osatzen duten Pil-Pil taldeak hartu zuen txanda gero, Agorilak eman «Hegaldaka» aurkezten. Arratsaldean berriz, jendearen arreta bereganatzea kostatu zitzaien arren, Agorilako Amaia Riouspeyrousek aurrena eta Xabaltxek gero, folk eta rock ukitua eman zioten Iparraldeko hotsei. A. B.