GARA > Idatzia > Kultura> Zinema

Iñaki LAZKANO I Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea

Isiltasunaren zaindariak

Merezitako omenaldia egin dio aurten Zinebik Rene Vautier zinemagile bretoiari. Ahotsik ez dutenei eskaini izan die beti bere zinema Vautierrek, eta larrutik ordaindu du. Frantziak haren filmak zentsuratu ditu usu. Are gehiago, «Afrique 50» (1950) dokumental antikolonialista errodatzeagatik bi urteko espetxe zigorra jaso zuen. Bilbon zela, gaur egun hedabideetan nagusi den desinformazioaz bere kezka plazaratu zuen. Desinformazioak irakurketa ezberdin anitz izan ditzake, egiazki. Zinema zuzendari bretoiak, hain justu, hedabideen ustezko aniztasunaren itzalean ezkutatzen den ikuspuntu bakarraren arriskuaz ohartarazi nahi gaitu. Izan ere, ikuspuntu bakarrak ikus-entzulearen gogoeta eragotzi eta pentsamendu bakarra inposatzen du. Chomskyk «askatasunaren zaindari» legez bataiatutako horiek mutututako ahotsei hitza emanez informazio desoreka horrekin apurtu nahi izan du Vautierrek bere dokumentalen bidez.

Tamalez, baina, nekez gainditu dute isiltasunaren harresia maisu bretoiaren filmek. Ez da harritzekoa. Adierazpen askatasunak bere mugak baititu demokraziaren erresuma miragarrian. Ken Loach britainiarrari berari ere antzeko zerbait gertatu zitzaion BBC telebista kate «eredugarriarekin» 80ko hamarraldian. Sasoiko errealitate sozial gordina islatzeko xedez hainbat dokumental egin zituen. Langileak Margaret Thatcher-en oldarraldiari aurre egiteko prest zeuden arren, sindikatuetako buruek proletalgoaren sugarra zelan amatatu zuten zekarten film haiek. Debekatuak izan ziren guztiak. Pentsamendu bakarraren gurutzadak gailurra jo zuen Julio Medemen «La pelota vasca, la piel contra la piedra» (2003) dokumentala debekatzen saiatu zirenean. Vautierrek eta Loachek ez bezala, kontrainformazioaren korrontean lerrokatu ordez, ereduzko dokumentalaren taupadak aintzat hartu zituen Medemek; ahots guztiak islatu asmoz. Hala, statu quo-ak isiltasunera kondenatutakoen ahotsak giza polifonia batean integratu zituen. Ez zuen ulertu, antza, ikuspuntu bakarrak kontrapunturik onartzen ez duela.

Orobat, gosea irudikatzerakoan hedabideek nahiz dokumental «engaiatuek» ikuspuntu bakarra -boterearen ikuspegia- dutela salatu zuen aspaldi Kapuscinskik. Alegia, gosea pobreziaren ondorio dela ezkutatzen dutela. Ez baitute ez gosearen jatorriaz, ez miseria global horrekin bukatzeko beharraz ere hitz egiten. Sistema auzitan jar ditzaketen gogoetak ez dira-eta zilegi. Debekuaren lekukoa hartu du egun desinformazioak, zinez. Sotilagoa da. Isilagoa... eta arrastorik ez du uzten adierazpen askatasunaren gorpuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo