Lizeoetako ehunka ikaslek hezkuntza erreforma salatu dute Baionako kaleetan
Asteartean ikastetxeen blokeoarekin hasitako protesten ondotik, Estatu frantseseko Hezkuntza ministroak eratutako erreformaren aurkako lehen manifestazioa egin zuten atzo Baionan. Mila ikasle elkartu ziren.
A.B. |
Cantau, Etxepare, Malraux, Cassin eta Ravel lizeoetan blokeoak eta asanbladak egiten ari dira joan den asteartetik, Gobernu frantsesaren Hezkuntza erreformaren eraginak salatzeko.
Iazko abenduan mobilizazio uholdea izan zen, Estatu frantseseko orduko Hezkuntza ministro Xavier Darcosek proposaturiko erreformaren aurka jotzeko. Urtebete igaro da geroztik, eta atzo goizean berriz ere mila bat ikasle atera ziren Baionako karriketara, Luc Chatel egungo ministroak babesten duen erreforma salatzeko. Aldaketa horren aurkako lehenengo manifestazioa izan zen atzokoa.
Bost ikastetxe horietan asteartean hasitako blokeoek jarraitzearekin batera, atzo goizean, 10.30erako Baionako geltokian hitzordua emana zuten ikasleek. Ikastetxe nagusi horiekin batera, erreformak zuzenki hunkitzen ez baditu ere, Paul Bert-eko ikasleek sostengua eman zieten.
Izan ere, ikasle mugimendu zabala eratu zen 2008ko abenduan hezkuntza sistemaren erreforma salatzeko. «Gela husteko» deialdiari segituz, 2.000 bat ikasle manifestatu ziren orduan.
Mobilizazioen eraginez Gobernua bere proiektua gibelatzera behartua izan zen. Era berean, hainbat aldaketa sartu zituen erreforman. Alta, iaz bezala gaur egun ere «hezkuntza pribatizazioa» ekarriko duen erreformari muzin egitea erabaki du ikasleen mugimenduak.
Mobilizazioek lortu zutela iaz erreformaren egutegia aldatzea eta berriz ere «soilik borroka eginez» lortuko dela erreforma gelditzea azaldu zuten atzo Ikas eta Irauli ikasleen mugimenduko kideek, mobilizazio horren ondoren hitza hartzean.
Mobilizatzen jarraitu
«Iaz, Gobernu frantsesak lege bat antolatu zuen irakaskuntza arloan. Manifestazio, greba eta ikastetxeen blokeoen ondoren legea urte batez atzeratzea lortu zen», azaldu zuten ikasleek atzoko mobilizazioan.
Gobernuak oraingoan aurkeztu duen lege «berria» salatu du Ikas eta Irauli mugimenduak. «Kanpotik polita dirudien arren mamian beste gauza bat da, burutu ezineko egitasmoa. 60.000 lanposturen murrizketa, orduen galtzea eta abar ekarriko ditu», azaldu zuten gainera.
Tren geltokitik abiatu zen manifestazioa eta Herriko Etxearen paretik igaro eta gero Suprefeturan amaitu zuten martxa. Suprefeturaren aitzinean, lizeoetako ordezkarien hitzak entzun zituzten. Ondotik, Cassineko blokeoa arriskuan zegoela-eta, bertan zeuden ikasleak sostengatzeko bertaratu ziren guztiak.
Beste asanblada bat egitekotan ziren atzo, heldu den asteari begira mobilizazioak nola jarraituko duen deliberatzeko. Lizeoetako blokeoak atxiki eta irakasleen sostengua lortu nahi dute ikasleek.