Bigarren mailako aktorerik gabe, osatu ezineko puzzlea da filma
Euskal Filmategiak «Secundarios vascos de primera» liburua aurkeztu zuen atzo Donostian. Argitalpen honekin aktore nagusien «alboan baina ez itzalean» dauden profesionalak ekarri dira paperera, «merezi duten lekua» emateko. Honakoa bildumaren hirugarren alea da eta dagoeneko iragarri dute atzetik beste hamaika etorriko direla.
Oihane LARRETXEA |
Klara Badiola, Jose Ramon Soroiz, Itziar Lazkano, Aitor Merino, Esther Velasco eta Carlos Zabala dira hurrenez hurren, «Secundarios vascos de primera» liburuan bildu diren sei profesionalak. Carlos Roldan Larreta egileak antzezle hauen bizipenak eta orain arte egindako ibilbidea bildu ditu, «diren horren funtsera heltzeko». Roldanek atzoko aurkezpenean azaldutakoaren arabera, liburua egiteko orduan eskema finko bati jarrraitu zion: «Lehenik dokumentazio mordoa begiratu eta bildu nuen: aldizkariak, egunkariak, liburuak, bideoak...eta hau egindakoan, bakoitzaren filmografia ikusi nuen, noski» azaldu zuen. Informazioaz gainera, aktore bakoitzarekin elkarrizketak ere egin zituen ikertzaileak: «Bakoitzarekin banan-banan bildu nintzen sakoneko elkarrizketak egiteko: ibilbide profesionala, bertako bizipenak... Mahai gainean material guztia izan nuenean ikerketa sakonari ekin nion».
Bitxikeriak datuen artean
Idazteari ekin zionean gauza bitxi batez ohartu zen Roldan: «Beraien artean antzekotasun handiak zeudela konturatu nintzen». Esaterako azaldu zuen Itziar Lazkano eta Esther Velasco euskal zinemagintza independentetik abiatuak direla eta ospe handiena telebistako programa banatan lortu zutela, 2005. urtean: Lazkanok «Vaya Semanita» saioarekin, eta Velascok «Mi querido Klikowsky» telesailarekin. Aitor Merino eta Carlos Zabalaren kasua oso bestelakoa da: «Kamera aurrean biak aktore handiak dira -deskribatu zuen Roldanek- baina batak zein besteak kamera atzean jartzeko grina sentitu dute». Azkenik Klara Badiola eta Jose Ramonen arteko harreman estua azaldu zuen: «Biak 1980ko hamarkadako euskal zinemako aktore handiak dira, eta horrez gain `Offeko maitasuna' filmean elkarrekin lan egin zuten».
Halako argitalpenekin bigarren mailako aktoreen lana aitortu nahi dute, egilearen esanetan, «film ororen ezinbesteko osagai direlako». «Profesional hauen lana korapilatsua da, protagonista laguntzeaz gain, berezko lekua bereganatu eta garatu ere egin behar dutelako».