Beste behin ere, kapitalaren errentek jartzen ez dutena lanaren errentek jarri behar dute
Zerga bilketak behera egin duela ez da albiste. Ogasunetako arduradunek benetan zergatik egin duen behera azalduko balute, hori bai, albiste izango litzateke. Nolanahi ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunei, galera hori berdintzeko, urtarriletik aurrera langileen eta pentsiodunen nominetako atxikipena emendatzea bururatu zaie. Hartara, urte hasieratik nabarituko dute neurri hori errenta txikienek. Eta aurrerago, uztailean, hain zuzen, errenta horiek, kontsumitzaileen errentek oro har, zeharkako zergen -BEZ- emendatzea ere nabarituko dute. Baina ez dute horren benetako azalpenik entzungo. Zerga bilketak ez du behera egin langileei eta pentsiodunei laguntzearen ondorioz; bai, ordea, kapitalaren errentak mesedetzearen ondorioz. Esate baterako, Sozietateen gaineko zergak behera egiteak edo «krisiaren aurkako neurri» bitxi batek, ondare-zerga baliogabetzeak, hain zuzen, badute beherakada horretan eraginik. Administrazioetako politikariek ukatu egiten dute beren politikek kapitalaren errentak mesedetzen eta gutxien dutenak kaltetzen dituztela, baina euren esanek nekez ezkuta ditzakete euren eginak.