Hauteskunde iruzurra, Errumanian jada ohiko bihurtu den akusazioa
Aurreneko aldiz, presidentetzarako hauteskunde batzuen emaitza auzitara eraman dute Errumanian. Alderdi politikoen artean, ordea, urte luzez entzun izan den salaketa da. Halere, ez dira prest agertzen susmo horiei amaiera emango liekeen lege aldaketa aurrera eramateko.
GARA |
«Iruzurra, gehienbat, herri mailakoa izaten da. Alkate eta militanteak herritarren botoan eragiten saiatzen dira, sarri alderdiko buruzagitzak ezer ez dakiela. Beren `emaitza onak' agerian utzi nahi dituzte», azaldu zuen atzo Bukaresteko Unibertsitatean Politika Zientziak irakasten dituen Daniel Barbuk, igandeko hauteskundeetan iruzurra izan dela dioten zurrumurruei buruz ari zela.
Taktiken artean, boto eskakizunez lagundutako janari-banaketa edo jendeak inkestetan zer erantzuten duen ikusteko eginiko «hauteskunde turismoa» aurki ditzakegu, besteak beste.
Mircea Geoanak (PLD, Alderdi Liberal Demokratikoa) iragan igandeko bozaldietan Traian Basescu egungo presidenteak eta Alderdi Sozialdemokratak eskuratutako garaipena inpugnatu egin zuen Konstituzio Auzitegian. Hala ere, Geoanaren beraren alderdia ere arrazoi berberengatik ikertua izaten ari dela gogora ekarri zuten zenbait analisigilek.
«Ez naiz esaten ari aurreneko aldiz gertatu denik, beti egon izan dira irregulartasun txikiak», esan zuen Geoanak prentsa atzerritarrarekin eginiko bileran. «Iruzurra inoiz ez da maila honetara heldu, ordea», zehaztu zuen.
Auzitegiaren erabakia
Konstituzio Auzitegia iruzurra zenbaterainokoa izan den aztertzen ari da eta baliteke gaur bertan ematea bere erabakiaren berri. Basescu 70.000 botoko aldearekin nagusitu zen igandean egindako hauteskundeen bigarren itzulian.
«Auzitegiarentzat zaila izango da pertzepzio argi bat izatea», argitu zuen Pro Democratia gobernuz kanpoko erakundeko presidente Cristian Parvulescuk.
Hauteskundeak gainbegiratzen 1.400 ikuskatzaile egon zirela baieztatu zuen erakundeak, eta 21.000 hauteslekuak kontrolatzeko gutxi samar zirela onartu zuten arren, Pro Democratiak ez zuen iruzur masiboaren zantzurik antzeman.
Barburen ustez, iruzurraren norainokoa zehaztea gehiegi ausartzea da. «Erronka egiten dut, ea inor ausartzen den iruzurrak 0,7ko, 1 edo 3 puntuko eragina izan duen esatera», esan zuen.
Salaketa hauek guztiek eragiten duten mesfidantza kontuan harturik, boterean egon diren politikoek horren aurka ezer egin ez izana deitoratzen dute analisigile zein gobernuz kanpoko erakundeek.
«Politikoek beti daukate salaketa hauek egiteko interesa, baina gero ahaztu egiten dituzte. Alderdi guztiek osatutako batzorde batek konponbidea topatu beharko lioke honi», dio Cristian Ghinea analistak.