Metal kutsua eta doinu goxoak nahastuz, gaua eta egunaren arteko bidaia dakar Laiak
Oihane LARRETXEA |
Laia laukote mutrikuarra `II' izeneko lanarekin bueltatu da bi urteko atsedenaldiaren ostean. Baga Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuruk lan berriari buruzkoak azaldu zituen Juanmi Abal eta Unai Olalde taldekideekin batera atzo Donostian eskainitako prentsaurrekoan. Aizpururen esanetan, disko hau «eguna eta gauaren nahasketa perfektua da, non metal gogorrenak doinu leun eta goxoenekin bat egiten duen». Nahasketa hau «rock melodiko» bezala deskribatu zuten taldekideek: «Diskoa sentimenduz josita dago, gorrotoa batetik, maitasuna bestetik... Gainera amodioa edozein zentzu eta formatan ulertzen dugu, ez dugu gauza zurruna eta finkoa bezala ulertzen», esan zuen Abalek, eta gaineratu zuenez, «disko biribila» izatea zuten helburu: «Estilo ezberdinak txertatu ditugu denek bat egin arte. Gainera, kantu guztiek Laiaren nortasuna izatea nahi genuen eta uste dut lortu dugula». Nahasketa hori hasieratik antzeman daiteke: «Lehenengo partean nota leun eta eztiak entzun daitezke -deskribatu zuen Abalek- bitxiak gordetzeko musika kaxa baten antzera». «Hau da, egunaren hasieran belarritakoak bertatik atera edo oheratu aurretik kaxan gordetzeko kentzen direnean. Eta bi keinu horietan islatzen dira hasieran aipatu ditugun eguna eta gaua. Kutxa ireki esnatzeko, edo itxi lo hartzeko?».
Denbora tarte honetan garapena izan dutela aitortu zuten Abalek eta Olaldek: «Doinuetan, diseinuan edota abestien hizkietan...pozik gaude emaitzarekin». Azpimarratu zuten grabaketa lana taldeekideek eurek kudeatu dutela eta «etxean» egindakoa izan arren emaitza «kalitate handikoa» dela.
Laiaren beste ezaugarri bat «taldea» hitzaz duten zentzu sakona da: «Guk beti esaten dugu ez dugula abeslari bakarra» argitu zuen Abalek. «Alegia -jarraitu zuen- ni ahots nagusia naiz baina ez bakarra, besteak gabe niri dagokidana ez litzateke berbera izango. Horregatik aipatu dugu kredituetan kide bakoitzak ahotsarekin betetzen duen paper ezberdina».