ŤAskatasun osoz aritu gara aurreiritziak eta beldurrak alde batera utzitať
«Gabeko kalapitxixak» izena darama Piztiak taldearen estudioko seigarren lanak. Lehen aldiz autogestioaren bidea hartu du taldeak disko berria argitaratzeko unean «Buztenbaltza» zigilua sortuz. Hamalau kantu biltzen dituen digi-pack diskoaz gain, film laburra, bideoklipa eta pintura erakusketa batek osatuko dute Ondarroako taldearen ekimen berri hau.
Koldo OTAMENDI I
Taula gainean hiru lagun azaltzen diren arren, sei lagunez osaturiko taldea da Piztiak. Txomin Uribek (gitarra eta ahotsa) eta Josu Aranbarrik (baxua eta ahotsa), taldearen sorreratik irauten dutenak, eta Peio Larrañagak (bateria) astintzen dituzte musika tresnak oholtza gainean. Oihalaren beste aldean, berriz, Kirmen Uribe, Josu Eizagirre eta Jose Lastra ezkutatzen dira: hitzen egilea, bideo artista eta soinu teknikaria hurrenez hurren.
TU-K ezohiko taldearen errautsetatik sortu ziren 1990eko hamarkadaren hasieran, eta taldekideen joan-etorriak izan diren arren, bandak bizirik iraun du urte hauetan guztietan. Rock musika izan dute beti beren kantuen sustrai nagusia, baina jatorriak ahantzi gabe, norabide berrietara ireki dira azken lan honetan. Jose Lastrak berak grabatu du diskoa Lamiña Producciones estudioetan, eta zenbait kantuetan Petti musikari nafarraren laguntza izan dute ahotsetan. Lau urteko isilune diskografikoa apurtuz, kalean da taldearen disko berria.
Disko berri honetarako auto-gestiora jo duzue. Halabeharrez ala zuon borondatez?
Borondatez hartutako erabakia da. Esku artean dugun proiektuaren handitasunak exijitzen du den-dena gure esku joatea. Diskoetxe batek ezin dio aurre egin esku artean dugunari, eta nor gu baino hobeto gauza guztien gainean egoteko. Azken garaian talde bat baino gehiago sartu da autogestioren saiakera honetan, eta aurrera egin daitekeela erakutsi dute. Hori ikustean, beldurrak kendu ditugu eta saiatzea erabaki dugu. Proiektu honek adar asko ditu eta benetako inplikazioa eskatzen du alor guztietan.
Taula gainean hiru lagunek osatzen duzue Piztiak, baina badira pizti gehiago itzalean.
Guztira sei lagunek osatzen dugu Piztiak azken urteotan. Hasieratik gurekin ibili den Kirmen Uribek zenbait letra idatzi dizkigu disko berrirako eta Josu Eizagirrek bideo proiekzioekin eta film laburrarekin laguntzen digu. Azkenik, Jose Lastra dago, gure soinu teknikaria eta taldearen soinu garapenean errudun nagusietako bat. Guztien artean sintonia berezia dugu, eta oso erraza da elkarrekin lan egitea. Gauza asko konpartitzen ditugu: bizitzeko era, zaletasunak, gauzak ulertzeko modua... Askotan, hitz bakar bat esan gabe, martxan jartzen gara bakoitza bere alorrean.
Disko ireki baten aurrean gaudela esan daiteke: musikalki zabala eta anitza da. Norabide ezberdinetatik sortua baina koordenada berean kokatua.
Disko honen leitmotiv bat askatasuna da: askatasuna zentzu guztietan. Kantuak sortzeko unean askatasunez ibili gara, eta gorputzak eskatu diguna egin dugu uneoro aurreiritzirik gabe. Kantu baten eta beste baten artean desberdintasun nabariak daude, argi dago, baina guztiek izan dute lekua diskoan. Hitzak idazterakoan ere askatasunaren ideia hori agertu da, horretan ari ginela jakin gabe. Hitz ugari dira, askatasun sentsazio hori aipatzen dutenak. Aurreko diskoetan bazen norabide bat: disko-liburua zela, ikuskizuna... honakoan, gauzak sortu egin dira aurrez pentsatu gabe.
Baina desberdintasun guztien gainetik, Piztiaken etxeko marka oso agerikoa da.
Lau urte pasa dira aurreko lana kaleratu genuenetik eta denbora izan dugu gauzak lasaitasunez egiteko. Beti bezala, Josu eta bion artean egin ditugu kantuak eta sorleku ezberdinak izan arren, badira gauza komunak. Ez da gauza bera orain dela lau urteko kantu bat edo duela lau hilabete egindakoa, eta Josuk egindakoa edo neuk eginikoa ere ez. Baina denak dira Piztiak. «Euriaren zain» diskoa zuzenean aurkezteko egin genuen ikuskizunean gitarra akustikoekin saiakerak egin genituen eta bide berriak urratzeko aberasgarria izan zen. Bagenuen pentsaera bat, uste genuen akustikoa indarrik gabekoa zela, ahula, ñoñoa... Emanaldi akustikoak egin genituen, baina era berean indarrik galdu gabe. Horrek, norabide berriak ireki dizkigu, eta disko honetan gora egin dute erritmo lasaiagoek eta gitarra akustikoen presentziak.
Diskoak lankidetza bakarra du, baino pisu handikoa. Adibidez, Petti kantariaren ahotsa lagun izan duzue sartu dituzuen hiru kantuetan.
Pettiren parte-hartzea oso garrantzitsua izan da diskoan. Kantu batzuetan rock ahots grabe bat behar genuela ikusi genuen, eta Petti etorri zitzaigun denoi burura. Ahots izugarria izateaz gain, Pettik badu sentimenduak transmititzeko gaitasun berezi bat ere. Oso gutxi dira gurean horrelako feeling-a duten abeslariak. Hiru kantuetan hartu du parte eta zuzeneko batzuetan ere lagun izango dugu taula gainean.
«Gabeko kalapitxixak» disko hau ekimen handiago baten parte dela aipatu dugu arestian. Grabatutako diskoaz gain, film laburra eta pintura erakusketa ere izango dira laster.
Bai. Bideo-proiekzioak ahal dugunean soilik eramango ditugu zuzeneko emanaldietara. Josu Eizagirre arduratuko da horretaz, eta oso lanpetuta dabil azken boladan. Film laburra osatzean, ohiko bideetatik mugituko dugu, zinemaldietatik eta bideo jaialdietatik. Pintura erakusketak berriz, beste zirkuitu bat du. Diskoa, pintura erakusketa eta filma, elkarrekin lotura duten arren, errepide ezberdinetatik doaz.
Diskoa zuen lehen taldea izan zen TU-K taldearen «Pornographiaz» kantuarekin amaitzen da. Opari bat bezalakoa izan dela esan izan duzue.
Gehienbat guretzako izan da oparia. Hogei urte pasa dira kasik Piztiak taldea sortu genuenetik, eta 25 urte inguru TU-K jaio zenetik. Bizirik eta elkarrekin jarraitzeak merezi zuen horrelako opari bat. «Euriaren zain» diskoaren aurkezpen biran berreskuratu genuen kantua, eta oso sentsazio onak izan genituen zuzenekoetan. Gero, disko berrirako moldatzea pentsatu genuen eta azken kantu bezala erabili dugu.
Kirmen Uribek 15 urte besterik ez zituela idatzi zuen kantu horren hitza. Gauzak aldatu dira harrezkero…
Agian Kirmenek idatzi zuen lehen hitza izango da «Pornographiaz». Kirmen gure disko guztietan presente egon da, eta gure ibilbidea eta berea zentzu batean loturik joan direla esan daiteke. Kirmeni aipatu genionean kantua berreskuratuko genuela, ados azaldu zen eta aurrera egin genuen.
Disko honetan beste bi kantuetarako egin ditu hitzak eta gure disko guztietan utzi du arrastoa. Bizitzako beste gauza asko bezala, jolas baten moduan hasi zen TU-K eta Piztiakentzako kantuak idaztea, eta begira orain. Nire kantatzeko modua ere aldatu egin da kantu hau abestean, hogei urte atzera egin, eta garai hartan kokatuta bezala kantatu dut abesti horretan. Hori bai, kantuaren hitza ikasteko izerdi latzak egin behar izan nituen.
Talde batek bost minutuko kantu instrumental batekin irekitzen duenean diskoa, beldur gutxi dio jendeak zer esan eta zer pentsatuko duen. Lau urte itxaron behar izan ditugu Piztiak taldearen disko berria entzuteko, baina zain egoteak merezi izan du. “Gabeko Kalapitxixak” entzutean, disko ireki baten aurrean gaudela konturatzen gara: anitza, kantuak euren artean oso ezberdinak direla, baina track bakoitzean Piztiaken berezko zigilu horri eutsi. 14 kantu batu dituzte lan berrian, eta “Bafor bat hodeizinttan” edo “Gutxiago baneki” kantuen goxotasunak talka egiten du “Oinez noa kalean zehar” bezalako rock eztandarekin. Jatorrira itzulia egiten duten kantak ere badira, “Ilargia naiz” besteak beste. K. O.