Andoni TOLOSA «MORAU» I Musikaria
Azkenean badago!
Ez harritu, baina zorionak emanez hasi behar dut hilabeteko nire purrustadatxo hau. Ez da igaro berri den Durangokoaren biharamuna, badakizue «zein osasun ona duen gure kulturak...» penagarri horietako bat. Ezta kultura kontsumitzeko EJk (Eusko Jaurlaritzak) bultzatutako Eguberrietako kanpainaren aipamena.
Nahi edo nahi ez biak abiapuntu berdinetik jotzen dute. Bai gure kulturaren osasuna, bost eguneko salmenten arabera aztertzen dutenek, eta bai kulturaren etorkizuna kontsumoan datzala uste dutenek ere. Gainera aspertuta nago «kontsumo» hitzarekin, batez ere, «kultura» hitzaren aurrean edo atzean agertzen denean. Popatik, kultura lau «ezagule» iluminatuen kontu elitista dela diotenak, noski. Baina gehien saltzen den kulturaren aitzakiarekin kaka asko irensten dugu. Nahiago nuke kulturaren bidez disfrutatu, baita kontsumitu gabe ere...
Konturatu zarete, ezta, neuk baikor hasi nahi nuen gaurkoa, eta begira, okertzen hasia naiz dagoeneko. Beraz, hobe dut lehenbailehen hariari eustea gauzak urrutiegi joan baino lehen. Zoriontzekoa iruditzen zait, eta pozik nago, behingoagatik badagoelako, urte batzuetako lanaren ondoren, euskal musikaren inguruko informazioa biltzen duen webgunea www.badok.info. Zorionak, horretan aritu zareten guztioi. Bazen garaia gure musika seriotan hartzeko. Aspalditik datorren hutsunea betetzera dator taldeen historia, diskografia, informazioa eta batez ere euskal musikaren garapenaren ikuspegi historikoa jarraitzeko aukera ematen duten artikuluez eta lekukotasunez betetako gune hau. Tontoa dirudi, baina nola ez zaio inori lehenago bururatu! Nola da posible hain literatura gutxi egotea euskal musikagintzari buruz! Hori ez al da gure ekoizpen musikala gutxiestea? Niri hala iruditu izan zait. Urte luzeak daramatzagu errentak jasotzen eta oso gutxi hausnartu, hitz egin dugu gurea bezalako hizkuntza batean egiten den musikaren erronkez, eta sentitzen dut bibliko samar jartzea, baina, horretarako, ezagutu behar nondik gatozen, gure aurrekoek zer egin duten, zertan asmatu zuten.... eta ez zentzu metafisikoan, oso zentzu praktikoan baizik.
Txikia, baina altxor bat dugu esku artean, herri txiki eta ukatu baten tamainako altxorra. Hori estimatzen lagunduko digu Badok.info webguneak edo hala espero dut. Eta orain, iruditzen bazaizue, ospatzera noa.