Eszenak
«Euskarazetamol», super-euskalduna izateko formularen bila
GARA |
«Sintetifar», «itzulimizina», «laboazepan», «bilinguital»... Pilula guztiak, direnak eta ez direnak, probatuko dituzte Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek super-euskaldunak izateko formularen bila. Ez Dok Hiru Bikoteatroa Donostian izango da gaurtik igandera «Euskarazetamol» lana antzeztuz, Lugaritz kultur etxean, 20.00etatik aurrera.
Euskararekin edozein joko egiteko gai izatea da bi aktoreen helburua. Azkenean porrot egingo dute, beti bezala, baina bidean sekulako malabarismoak egingo dituzte euskararekin, ikusleari harridura nahiz algara eraginez.
«Euskera Sencilloaren manifiestoa» izan zen euren lehenengo lana eta euskarazko testu hoberenaren 2004ko Max saria jaso zuen. «Larruaizetara» etorri zen ondoren, eta orain «Euskarazetamol» lanarekin datoz.
Antzerkigintzan urte dezente daramate bi taldekideek. Mikel Martinez (Lizarra, Nafarroa, 1955) medikua da izatez, baina 1980ko hamarkadatik interpretazioan aritu da. Patxo Telleriak (Bilbo, 1960) Pedagogia eta Filologia ikasketak egin zituen, eta hamaika antzezlanetan hartu du parte, baita telebistan ere. Aitor Mazorekin batera idatzi eta zuzendu berri du «La máquina de pintar nubes» film luzea.