Gari Mujika Kazetaria
BECen entzun ez zen bertsoa
Lau urteren buruan, behingoz, zorionez, ez da futbola izan asteleheneko hizketaldien gidari. Ez gurean behintzat. Barakaldoko jaialdiak utzitako ajeak bertsolaritza hizpide bilakatzearekin batera, makina bat izan dira mahai gainean jarri dituen arazo, desira eta aldarrikapenak. Eta garrantzitsuena, euskara protagonista izana.
Baina irakaspenak ere eman ditu BECek. Argigarria izan baitzen demokraziaren esanahia, beste behin ere, bere gordintasunean azaldu izana; herriaren erabakia, bai behintzat han zeudenena. Hala, ez zuen askorako balio izan Euskaltel-eko saria eskalatzaile batek banatu izana, babesleen izenak zeharka botatzea edota agintari politikoak aurrezki kutxen mozorroekin aurkeztu izana. Eta txistu horiek, errespetu falta baino, haserrea erakusten zuten.
Burutazio hauek berehala aldegin zuten atzo autoa hartu bezain pronto. Irratian entzuten ez nuen albistea nuen gogoan; Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean Madrilen hasi zen bortizki torturatuak izan ziren hamahiru euskal gazteren aurkako epaiketa aurrera baitzihoan. Gaur «Egunkaria auzi»koak izango diren bezalaxe, baina inoren arreta eskuratu gabe. Euskal herritar horiek ere, zoritxarrez, ongi dakite indarrez ezarri dieten bertsoaren azken puntua aurrez idatzita dagoela.
Hala, bertso eskolako garaiak etorri zitzaizkidan burura. Eta segidan, orduan, euskaldun peto gisa, taberna girotan, bertsolaritzari ematen genizkion ostikadak. Eta ondotik, ostikadon egileak. Preso dituzte orain, baina eurek erabakita idatzi dute beren bizitzako hitz kateatua, Auñamenditik herrialde guztietara zabaltzen den mendeetako aldarrikapenaren bertsoa.
Irrati esatariaren ahotsa kolpetik joan da. Berrogehi, hogeitamar, hogei... Hauek ez dute ulertzen mendiotako larreen berdetasunak ez duela koloranterik behar. Zerura begira dituzte hainbat gazte, segur aski Asturiaseko kontrola errepika ez dadila errezatuz. «Minez negarrez dago askoren bihotza, ezin baitugu kendu amorru arantza. Inork ez du gurean horrekin zalantza, ez dugu inoiz etsiko: Non dago Jon Anza?». Borboia ez da sartuko, baina zu, Jon, gogoan izango zaitugu.