GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitziber Martinez de Lagos Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko koordinatzailea

Guztion indarrarekin, euskara eta euskal eskola publiko berria, aurrera

Azkenaldian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila publiko/ pribatu dikotomia indartu nahian dabil, ikastolekiko lehian oinarrituz sare publikoaren filosofia, baina eskola publikoaren eremuan zatiketan ere sakondu nahi du. Eskola publikoa eredu zaharkitu, erdalduna, ez parte-hartzailea, hezkuntza egitasmorik gabekoa izateko ahalegina egiten ari da

Bai nafar Gobernuak, bai EAEkoak, bai frantses Gobernuak, Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako eskoletan eman dituzten erasoak etengabekoak dira.

Nafar Gobernuaren kasuan, etengabe jendarteak hautatzen duen eskola eredu euskaldunetik gurasoak desbideratu nahian trikimailu berriak (hizkuntza eredu berriak) asmatuz, eta euskararen zonifikazioaren ondorio larriak sakonduz. Hainbat guraso eta ume eredu euskaldunik gabe uzten ditu.

Iparraldearen kasuan, baliabideen urritasunak eragin zuzena izan du euskal eskoletan eta irakasle euskaldunen kopuruak behera egiteko orduan.

Bide beretik datoz ere Isabel Celaaren lan taldeak aurten bideratu dituen erasoak: eskola eremuan euskarari eta euskal kultura eta nortasunari legezko traba, oztopoak ezartzeko asmoa publiko egin du, EAEko curriculum dekretuari egin nahi dizkion aldaketekin. Alderdi hauek aurretik Euskal Curriculuma indarrez hustea lortu zuten, eta orain, legez EAEn onarturiko curriculum desegokia, desegokiago bilakatzera datoz.

Euskarak egoera diglosikoan gutxitua eta bere eremu osoan ofiziala izan gabe jarraitzen du; hizkuntza eredu desegokien bidez, euskara ezagutzeko eskubidea ikasleriaren zati handiari ukatzen zaio; non geratzen da adibidez, EAEko ikasle guztiak eskolatik elebidun atera behar zirenekoa?

Beraz, zer gertatzen da milaka eta milaka euskal herritarron hizkuntza eskubideekin? Maltzurkeriaz jokatzen du gure herrian gaztelera edo frantsesez bizitzeko aukera bermatua ez dagoela botatzen duenak. Edonork eta edonon erantzungo dio gaztelera edo frantsesa erabiltzen duenaren hizkuntza berean honek luzatukoari. Baina, norbaitek ziurta dakiguke Euskal Herriko edozeinek edo edonork euskaraz erantzungo dionik galdeketa euskaraz egiten dionari? Erantzuna, bistakoa da: gaurko ikasleriaren %40k biharko egunean euskaraz bizitzeko gaitasunik ez duela izango jakinda, kontrakoa argudiatzen duena gezurretan dabil.

Beraz, zein da indartu behar den hizkuntza? Ze formula da hori? Gutxiago duenari gutxiago eman? Errefortzuak behar dituen hizkuntza, gutxiagotua dena da, euskara.

Hainbat ikerketen arabera (tartean Eusko Jaurlaritzako HUISek berak kaleratu dituen ikerketak daude) frogatuta geratu denez, egoera diglosikoren aurrean, euskarazko murgiltze eredu batek, euskara duenak irakaskuntza hizkuntza, lor ditzake soilik helburu hauek; alegia euskaraz bizitzeko gaitasuna, gainerako hizkuntzetan komunikatzeko gaitasunarekin batera. Gurekin batera hainbat eragilek euskaldun eleanitzak sortzearen beharra aldarrikatu du behin eta berriro. Herrien hartu-emanak gero eta sarriago ematen diren honetan gure belaunaldi berriak arrakastaz aritzeko gai izatea nahi badugu, funtsezkoa da eleaniztasuna, baina norberaren hizkuntzatik abiaturikoa.

Beste alde batetik, «Euskal Herria» terminoa desagerrarazi edo agertzen denetan esanahiez hustea nahi dute. Gure eskoletako curriculumetan irakasten diren lurraldeak eta historiak nekez islatzen dute gure herriaren errealitate eta historia, hori Euskal Herria aipatzen denetan. Eta hauetan, nafar Gobernuak adibidez, testuliburu hauek kentzea eta eurek bideratutakoak sartzea exijitu du, hori egin ezean espedienteak irekitzearen mehatxua botaz hainbat ikastetxeri. Beraz, zailtasun handiz eraikiko du Euskal Herriko haur batek bere identitate soziokulturala, bertako lurraldeen arteko uztarriak modu koherentean eta nazioarteko ikuspegian lantzen ez badira.

Euskaldun guztiok bildu gaituen herria da Euskal Herria. Euskararen herria da Euskal Herria, identitate propioa duen herria. Hau da benetako errealitatea, errealitate kultural baten atzean ezkutatu nahi dutena.

Doktrinamenduaz hitz egiten du Celaak... zer da ba orain egin nahi dutena? Orain bai, orain frankismo garaiko helburu bera egotzi nahi diote hezkuntzari: funtzio doktrinatzailea. Herritik sortua eta herriarentzat izan behar duen hezkuntza prozesua Estatu ideologia eta logika ezartzeko baliatzen dute, hezkuntzaren berezko funtzio hezitzaile nahiz askatzaileak alboratuz. Guk eskoletan ikasleak etorkizunean pertsona aske eta kritiko izan daitezen hezi nahi ditugu.

Azkenaldian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila publiko/ pribatu dikotomia indartu nahian dabil. Ikastolekiko lehian oinarrituz sare publikoaren filosofia, baina eskola publikoaren eremuan zatiketan ere sakondu egin nahi du. Eskola publikoa eredu zaharkitu, erdalduna, ez parte-hartzailea, hezkuntza egitasmorik gabekoa izateko ahalegina egiten ari da.

Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen eta berarekin batera euskal Hezkuntza propioaren eta euskararen alde lanean gabiltzanon bidea ez da inoiz erraza izan. Administrazioen trabak ugariak izan dira beti. Erasoaldi berri hauek, ordea, gure nahiak berresten dituzte. Gure kulturak eta gure herriak biziraun dezan, ezinbestekoa da gure Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzea, euskarari eta euskal kulturari lehentasuna emango diona, eta bide horretan asko dira emandako aurrerapausoak. Horren adibide argia da herritik eta herriarentzat sortutako Euskal Curriculuma.

Bidea egiten ari garen honetan, iruzur eta erasoei erantzuten jarraitzeko deia egin nahi diogu euskal jendarteari. Indarrak bildu eta elkarlana sustatu behar dugu bide honetan. Sare erraldoi bat sortu beharra dugu, ikastetxe eta ikastola publikoak artikulatu, bildu, egunez egun euskal eskola publiko berria eraikitzen joateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo