Gauza asko daude jokoan antxoaren auzian
Europako Batzordeak eta Suediako presidentetzak antxoaren arrantzaren gaineko debekua bere horretan uztea gomendatu zuten atzo, eta litekeena da Ministroen Kontseiluak gomendio horri jarraitzea, nahiz eta euskal arrantzaleek, Aztiren azken txostenaren emaitzei helduta, ez duten debekua bertan behera geratzeko itxaropenik galdu. Are gehiago, ematen duen bezala Estatu espainoleko eta frantseseko agintariek eskaera horrekin bat egiten badute. Zirt edo zart, gaur jakingo da zein den Arrantza Batzordearen azken erabakia. Ia bost urte dira debekua indarrean sartu zela, eta arrantzaleek uste dute badela garaia, muga batzuen barruan bada ere, antxoaren arrantzari berriz ekiteko. Antxoa kopurua modu nabarmenean emendatu dela argudiatzen dute, eta gutxienez zazpi mila tona arrain ontziratzeko baimena nahiko lukete. Ulergarria da arrantzaleen eskaera, bizi duten egoera ez baita batere samurra. Ezin da ahaztu, dena den, espezie honen biziraupena arrisku larrian zegoenean eta zegoelako jarri zela debekua, eta asko kostata egin duela aurrera azken urteetan. Horregatik, auzi honen gaineko erabakiak ez lituzke errotik moztu behar antxoaren berreskurapenaren lehen zantzuak. Eta erabakiak, dena dela, zientzialarien txostenetan oinarritu eta aldagai hauei guztiei erantzun beharko lieke eta ez estatu interesen jokoari.