GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Sorhuetek eta Waltarik ez dute hutsik egin

p036_f03.jpg

Jon LEUNDA

Berezkoen Buruz Buruko Superprestigioko final-laurdenetan ez zen inongo ezusterik izan, eta Sebastien Sorhuetek eta Agusti Waltarik lortu zuten finalerdiak jokatzeko txartela. Final-zortzirenetan iragarpenek huts egin bazuten ere, atzokoan ez zen halakorik gertatu.

Lehen norgehiagokan, Sebastien Sorhuetek 40 eta 30 irabazi zion Herve Etxeberriri 78 minutuz pilota astintzen aritu ostean. Norgehiagoka polita izan zen, nahiz eta partidaren kontrola garaipena lortu zuen pilotariak izan zuen.

Lehen kintzetako orekaren ostean, Pausukoa abantaila hartzen joan zen, eta alde handi samarrak ere izan zituen, 15-7 egon zirenean, esaterako.

Etxeberrik ez zuen etsi, ordea eta lanean jarraitu zuen, eta aurkariari ere lana eginarazi zion, nahiz eta amaieran hamar kintzetako tartea egon zen lehian aritu ziren bi pilotarien artean.

Sorhuetek 10 kintze egin zituen saketik, eta hiru gutxiago Etxeberrik. Jokoan egindako tantoak, berriz, 21 izan ziren Sorhuetentzat, eta bat gutxiago Etxeberrirentzat. Galdutakoak, 6 izan ziren Sorhueten kasuan, eta 9 Etxeberriri dagokionez. Markagailuak, berriz, honako gorabeherak izan zituen: 0-3, 3-3, 4-4, 15-7, 20-14, 27-22, 30-26, 36-29 etqa 40-30.

Bigarren kanporaketan ere gauzak hasieran uste bezala joan ziren. Waltariren alde atera zen dirua, nahiz eta trinketa ez den kubatarrarentzat oso egokia. Partidaren nondik norakoa, ordea, boteak erabaki zuen. 14 kintze egin zituen hasierako jokaldiari esker, ia-ia partidako erdiak. Saketik horrenbeste tanto egiten direnean, normalena partida aise irabaztea da, eta atzo horixe gertatu zen, 40 eta 21 hartu baitzuen mendean Andde Kurutxari.

Partida honetan ez zen inolako orekarik izan, 3-0 aitzineratu baitzen kubatarra, eta inor konturatzerako, 16-2 ari baitzen agintzen pilotari amerikarra.

Tantoa erraz egiten zuen, saketik ez bazen, bigarren jokaldian lortzen baitzuen Waltarik, baina Kurutxarik errestoan eusten zionean, eta kintzea apur bat lantzen bazuen, beretzat izaten zen tantoa, baina arazorik handiena errestoan izan zuen, eta faboritoak oso erraz eraman zuen garaipena.

Norgehiagokak, 42 minutu iraun zituen. Waltarik 14 kintze egin zituen sakez, eta Kurutxarik, berriz, lau besterik ez. Jokoan, kubatarrak 18 kintze egin zituen, eta 12 Kurutxarik. Galdu, berriz, 6 egin zituen amerikarrak, eta 7 euskaldunak. Markagailua honela joan zen: 3-0, 16-2, 23-7, 31-11, 34-17 eta 40-21.

Beraz, datorren astelehenean abiatuko dira finalerdiak, eta han hasiko dira lehiaketa jokatzen iazko bi finalistak. Txapeldunak, Paxkal Ezkurrak, alegia, Sebastien Sorhueten aurka jokatu beharko du. Thierry Harizmendik, aldiz, Agusti Waltari menderatu beharko du aurten ere finalean izan nahi baldin badu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo