Ramon Barcelo medikuaren «Se coge una cebolla» sukalde liburuak Gourmand saria lortu du
Ramon Barcelo onkologo bilbotarrak idatzitako lehen sukalde liburuak Gourmand Cookbook sari sonatua lortu du, Osasun eta Nutrizio sailean eta Estatu mailan. Eta mundu mailan lehiatuko da orain.
A. BILBAO | BILBO
Sukaldaritzako liburuetan saririk garrantzitsuenak omen dira Gourmand Cookbook Awards sariak, eta Ramon Barcelok Osasun eta Nutrizio atalekoa irabazi du Estatu mailan, «Se coge una cebolla - Manual básico de cocina con productos de temporada» lanarekin. Mundu mailan lehiatuko da orain, eta datorren otsailaren 11n Parisen ezagutzera emango dute zein diren saridunak.
Lanbidez mediku da Barcelo, eta urtebeteko baja zuela-eta, bere aurreneko sukalde liburua idazteko parada izan zuen. «Etxeko nutrizioaren ardura nire gain hartu, eta liburua idazteko astia izan nuen», dio bilbotarrak. Beraren esanetan, «sukalde kontuetan goi mailako lan ugari plazaratu dira gurean», baina urriagoak dira eguneroko jana, etxe apaletako sukaldeak kontuan hartzen dituenak, sona handiko sukaldeei eta plater txundigarriei eskainiak baino. Eta hauek zituen berak helburu, «modu atsegin eta irakurterraz batean» idazterakoan, garaian garaiko elikagaiak erabili eta ohitura osasuntsuak hartzeko aholkuak egiten dituen arren, «Se coge una cebolla» liburua ez baita aspergarri edo astuna suertatzen, arin eta dibertigarria baino.
Iaz argitaratua «Se coge una cebolla» lanak erantzun bikaina jaso du publikoaren aldetik. Ttartalok dioenez sukaldaritzan hasiberriak direnentzako egokia eta osatua da liburua: «Eguneroko sukalde lanerako aholkuak emanez hasten da, errezeta sorta dakar gero eta urte osorako menu iradokizunak emanez amaitzen da».
Liburua saritua izan denez, gainontzeko sukalde liburuetatik zerk ezberdintzen duen galdetu diogu Barcelori, eta berak, «zer irakurri duten liburuak gustatzen zaizkit niri» erantzun digu, eta liburu honetan «errezetez gain saiatu naiz, modu entretenigarri batean, ni sukaldera nola iritsi nintzen kontatzen, ipuin baten modura» .
Euskaraz
Ttartalo argitaletxeak, «nirea plazaratu geroztik» kaleratu dituen sukalde liburuak euskaraz eta frantsesez ere argitaratu ditu, diosku Barcelok, «eta gustatuko litzaidake, sariaren bultzadaz edo, nirea ere itzuliko balute euskarara». Agurtu aurretik gainera, liburuaren idazle Barcelok Ttartalok egindako edizio txukuna goraipatu nahi izan digu -sukalde bilduma ederra dute osatua-, bereziki Idoia Arozena editorearen aholkuak eta Xabier Landa argazkilariak liburua aberasteko egin duten lan bikaina.
Sukalde liburuen saririk garrantzitsuena da Gourmand Cookbook Awards, eta Barcelok Osasun eta Nutrizio atalean lortu du saria, «Se coge una cebolla» lehen lanarekin.
Liburua: «Se coge una cebolla - Manual básico de cocina con productos de temporada».
Idazlea: Ramon Barcelo.
Argitaletxea: Ttartalo.
Saria: Gourmand World Cookbook.