Ana Urkizak Agustin Zubikarai ondarroarraren biografia kaleratu berri du
GARA | BILBO
Ana Urkiza (Ondarroa, 1969) idazleak herrikide «Agustin Zubikarai» idazle eta kazetariaren biografia plazaratu berri du Elkar argitaletxean. «Idazle izatea abertzale izatea zela sinistu eta sentitu» omen zuen Zubikaraik, eta «euskaltzalea zen oroz gain». Horregatik, «Agustinen bizitzaren eta lan oparoaren itsasargia euskara eta euskal ohiturak bildu eta ezagutzera ematea izan zen», argitalpenaren arduradunen esanetan.
Agustin Zubikarai Bedialauneta 1914ko azaroaren 3an jaio zen Ondarroan, eta orain bost urte, 2004ko uztailaren 12an zendu. Antzerkia, poesia, narratiba eta kazetaritza landu zituen, baita itzultzaile lanak egin ere. Euskaltzaindiak euskaltzain ohorezko izendatu zuen 1993an.
Idazle emankor, gaztetatik hasi zen euskaraz idazten, herritik hartutako hizkuntzarekin literatura landuz, gerraosteko urteetan Ondarroako kulturgintzan eredu bihurtzeraino.