Zezenketen abolizioaren aldeko sinadura kanpaina abiatu du CRAC elkarteak
GARA | BAIONA
Zezenketen abolizioaren aldeko sinadura bilketa ari da egiten CRAC elkartea. Pertsona ezagunen artean hasi dute bilketa hori, gero gizarte osora zabaltzeko asmoarekin. Europan 904 sinadura lortu dituzte denera, eta horietatik 156 Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoareko pertsona ezagunenak dira. Sinaduren zerrenda senadore eta diputatuei bidaliko diete, elkarteak jakinarazi duenez.
Mixel Aire bertsolaria, Asisko Urmeneta marrazkilaria, Erramun Martikorena kantaria eta Piarres Charriton euskaltzaina atzeman daitezke zezenketen abolizioaren alde sinatu duten pertsonen artean.
Euskal Autonomia Erkidego-ko Berdeek ere bat egin dute zezenketen kontrako kanpaina horrekin. CRAC elkartearen deial- dia sostengatzen dutela adierazi du prentsa adierazpen batean: «Ikuskizun krudel guztien kontra gaude, eta ondorioz zezenketen kontra ere bai».
Zezenketen aldeko lan handia egiten duen Baionako Herriko Etxera abuztuan igorri zuen gutuna ere ekarri zuen gogora elkarteak. Izan ere, erakunde publikoak zezenketa ekintzetara bideratzen duen diruaren berri emateko eskatu zioten haren bidez Jean Grenet auzapezari, eta oraindik ez dute erantzunik jaso.
Zezenketak Unescon
Zezenketa-Hiri Frantsesen Elkarteak igandean biltzar orokorra egin zuen Landetako Mont de Marsan hirian. Baiona kide duen elkarte honek hainbat ekintza garatuko ditu zezenketa Unescoren ondare ez-materialen zerrendan izan dadin.
Zezen-kulturen behatoki nazionalak elkartearekin bat egin du egitasmo hori aurrera ateratzeko lanetan. Elkarteak Estatu frantseseko berrogeita hamar hiri elkartzen ditu.