GARA > Idatzia > Mundua

Aminatu Haidarren aldeko hats ahul eta halaber indartsua Hondarribiko aireportuan

p023_f01_148x108.jpg

D.L. |

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunek deituta, 24 orduko baraualdiari ekin zion talde batek Hondarribiko aireportuan.

Hamabost bat inguru ziren atzo goizeko hamarretan bertan bildu zirenak, lotarako zakuak aldean. Aminatu Haidarri eta, oro har, saharar herriari elkartasuna azaltzea da ekintzaren helburua. Aireportura iritsi ahala, bertako zuzendaritzakoekin bildu ziren taldeko ordezkariak, egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko asmoz.

«Nahikoa da, Aminatu jasaten ari den egoera gehiegi ari da luzatzen», ohartarazi zuen gero prentsaurrekoan Maite Berzosak, erakunde dei-egilearen bozeramaileak. Adierazi zuenez, bada garaia auzi honetan ardura duten alde guztiek zerbait egin dezaten, Haidarrek gose greban hilabete eman baitu.

«Orain arte ekintza xumeak egin ditugu, baina egoeraren larritasuna ikusita, beste urrats bat ematea pentsatu dugu, eta horretarako gaude hemen», gaineratu zuen Berzosak, Marokoko eta Estatu espainoleko jarrera gogor salatuz.

«Aminatuk psikologikoki oso gogor jarraitzen du, baina gero eta ahulago dago, eta gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu, salaketaren ikurra goraino altxatzen dugun bitartean», gaineratu zuen.

Gaua haima batean

Saharar borrokalariari Arrecifeko aireportuan gertatzen zaion moduan, Hondarribiko aireportuak ere gauean ateak ixten ditu egunero, 22.00etan. Baraualdian parte hartzen ari direnek ataurrean altxatu duten haima batean lo egiteko asmoa zuten. «Goizeko zazpietan sartuko gara berriro aireportura», azaldu zigun Sabino Ormazabal kazetari eta ekintzaileak.

Baraualdian direnen artean elkartasunaren munduan aski ezagunak diren hainbat aurpegi ikus zitekeen, Joxe Iriarte Bikila tartean.

Gazteak ere ez ziren falta. Donostian ikasten ari den Sergio iruindarra oso haserre azaldu zen Europako estatuak erakusten ari diren jarrera pasiboa dela-eta. Oiartzundik iritsi zen Esti gazteak ere argi zuen baraualdian parte hartzea Aminaturi elkartasuna adierazteko egin ahal den gutxiena dela. Gaineratu zuen bai hark eta oro har saharar herriak bizi duten egoera lotsagarria dela.

Moratinos, Washingtonera

Elkartasun mezuak etengabe jasotzen ditu Haidar-ek, esaterako, Kataluniako Parlamentuko ordezkaritza batek bisita egin zion atzo. Bestalde, Kanpo Arazoetarako ministro espainola, Miguel Angel Moratinos, Washingtonen hartu zuen Hillary Clinton AEBetako Estatu ordezkariak. Gobernu espainola, bere jarrera ahul baina konplizea begi bistan geratu den honetan, zer edo zer egiten ari den itxurak egiten ari da, baina Clintonen eta Moratinosen arteko bilera hau duela hiru aste zegoen iragarrita, bi estatuen arteko elkarrizketen testuinguruan.

Ezin uka, ordea, Washingtonek zeresan asko duela auzi honetan, batez ere Marokoko erregimenarekin duen harreman estua kontuan hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo