Euskal Herriko Laborantza Ganberaren kontrako auzia, otsailaren 18an
M.U. |
Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurkako auziak badu data. Heldu den otsailaren 18an, 13.30etatik aurrera izango da Paueko Auzitegian, duela bost urte laborantza iraunkor eta herrikoiaren alde lan egiteko sortu zen elkartearen aurkako epaiketa.
Urtarrilean Baionan igarotako auzia irabazi eta gero, prefetak deituta, Estatuaren ordezkariarekin eta departamenduko laborantza ganberaren arduradunekin negoziaketa ixila abiatu zen. Baina, dei-auzirako deialdia jaso zutenez gero, elkarrizketaren bidez aterabidea bilatzeko saioa agortua dela azaldu zuen atzo EHLGk.
Laborantza Ganberako ordezkariek joan den urtarrilean igarotako epaiketatik hona auzi honetan izandako gorabeherak laburbildu zituzten, eta heldu den larunbatean, 9.30etik aurrera, epaiketa berriari begira elkartasun mugimendua antolatzeko Ainhizen eginen duten bileran parte hartzera gonbidatu zituzten «Laborantza Ganberari bere sostengua eman dioten herritar guziak».
Bi bilera
Martxoaren 26an plazaraturiko ebazpenean, Baionako auzitegiak EHLGren burua Mixel Berhokoirigoien eta elkartea bera errugabetu zituen. Handik hamar bat egunetara helegitea ezarria izan zen Paueko auzitegian.
Horrek, dena den, ez zuen galarazi Estatuaren ordezkariarekin «urte askotan galdegin dugun eta ukatu diguten» elkarrizketa abiatzea. Hala, maiatzaren 13an eta uztailaren 3an, bilera bana izan zuten EHLGko ordezkariek Pirinio Atlantikoetako prefetarekin eta Paueko Laborantza Ganberako buruekin. Bi elkarrizketak «prefetaren bulego pribatuan» izan ziren. Sei hilabete pasa dira, eta egin beharreko hirugarren bilerarako gonbita inoiz ez dute jaso.
«Izan dugun erantzun bakarra da dei-auzirako deialdia», salatu zuten atzo, baina, auziak auzi, orain arte egindako lanarekin jarraituko dutela nabarmendu zuten.