GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Lehen maila

Europan lehen postuaren bila joateko balio du Ligak

Athletic «irabazteko talde zaila» dela diote Gurpegik eta Toquerok, eta Bremeni gailentzeko gai direla.

p035_f01_148x92.jpg

GARA | BILBO

Ametsezko hilabete asko izaten ari dira Athleticeko jokalariak eta jarraitzaileak, taldearen egoera dela-eta. Aurreko denboraldian Kopako finala hartu zuten aitzakiatzat zale guztiek, eta denboraldi honetan, aldiz, Ligan erakusten ari diren sendotasuna dute ardatz.

Ligako sailkapen nagusian zazpigarren dira zuri-gorriak, Europan lehiatzeko postuak hiru puntura dituztela. Asteburuan Zaragozaren aurka garaipena lortu izanak indar eta gogo gehiago eman dio gazte ugarirekin berritzen ari den talde honi.

Larunbatean lortutako hiru puntuei eta taldearen egoerari buruz mintzatu ziren atzo Carlos Gurpegi eta Gaizka Toquero prentsaurrekoan. Biek iritzi berdintsua azaldu zuten, Athletic «irabazteko zaila den taldea» bezala definitzean.

Nafarraren hitzetan, «oso talde `pisutsua' gara. Aurkariei zaila egiten zaie gol aukerak sortzea eta horrek euren onetik ateratzen ditu. Zaragozan bi aukera besterik ez zituzten izan eta ondoren gure aukerei etekina atera genien berriro ere».

Toquerok, aldiz, argi dauka bere taldearen jokoa ez dela etxetik kanpoko emaitzen distira berberekoa, baina ontzat hartzen du, betiere partidak aurrera ateratzeko balio badu. «Bartzelona bezala jokatzea gustatuko litzaiguke guztioi, baina bakoitzak bere kartekin jokatzen du», azaldu zuen arabarrak.

Europara begira

Ligako emaitza onak alde batera utziz, Athleticek beste erronka polit bat du bihar: Europa Leagueko hurrengo kanporaketara taldeko lehen sailkatzea.

Final-hamaseirenetan jokatzeko txartela ziurtatuta dute zuri-gorriek, baina lehen postua lortu nahiko dute. Horretarako, Werder Bremenen aurka 2-0 nahiz 3-1 emaitzekin, edo hiru goleko aldearekin irabazi beharko lukete San Mamesen.

Kasu honetan ere Gurpegik eta Toquerok iritzi berbera dute: alemaniarrei taldeko lehen postua kentzeko gai direla. «Bremenen bigarren zatian egin genuena ikusita, irabaz dezakegu. Bi golen aldearekin? Ez dut uste jokatzeko era aldatuko dutenik, eta gure taldea hori egiteko gai da».

Biharko neurketarako, ordea, Joaquin Caparrosek ez du Iturraspe jokatzeko moduan izango, ezkerreko izterrean duen lesioagatik. Gainera, Llorente eta Castillo zalantzazkoak dira, baina Yestek eta De Marcosek albiste ona eman zuten atzoko entrenamenduan, normaltasunez entrenatu baitziren.

muniain, cityra?

ETBk bart esan zuenez, Ingalaterrako Manchester City taldeak Iker Muniain aurrelari gaztea fitxatu nahi du. Nafarrak Athleticekin berritu zuen kontratua duela gutxi, 2015era arte. Bertan behera uzteko klausula 36 eta 45 milioi euro bitartekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo