GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gernikako alkateordea inputatu dute, Ertzaintzak eragin zituen istiluengatik

Lakuako Barne Sailak presoekiko elkartasunaren aurka udan eramandako kanpaina Gernikako alkateordea inputatzeraino iritsi da. Jaietako pregoia debekatu eta triki-poteo baten kontra Ertzaintza gogor oldartu ostean iritsi da Auzitegi Nazional espainolerako zitazioa.
p014_f03_111x111.jpg

O. L. |

Gernikako bigarren alkateorde eta jai arloko zinegotzi Jesus Mari Alberdi, Txirri, deklaratzera deitu du Auzitegi Nazional espainolak «terrorismoa goratzea» eta «diru publikoak bidegabe erabiltzea» leporatuta. Abuztuan, herriko San Roke jaietan istilu larriak gertatu ziren, eta horiek dela-eta bidali diote zitazioa. Atzo Busturialdeko zinegotzi independentisten babesa jaso zuen Alberdik, Gernikako Udalean egindako prentsaurrekoan.

Auzitegi Nazional espainolak herriko jaietako pregoia eta urtero San Roke egunean euskal presoen eskubideen alde egin ohi duten kalejira debekatu zituen, eta hala abiatu zituzten jaiak joan den abuztuan, Etxeratek eta herriko errugbi taldeak ezin izan zutela pregoirik irakurri, eta, protesta gisa, isiltasunean hasi ziren jaiak.

Kalejiraren ordez, herriko ostatuen laguntzarekin triki-poteoa antolatu zuten iganderako. Ertzaintza kalean zebilen jendetzari oldartu zitzaion, ordea, eta hogei lagun zauritu eta beste lau atxilotu zituen kaleko jai giroa dexente aldrebestuz.

Polizia autonomikoaren jarrerak kritika handiak eragin zituen orduan, ehunka herritar atera ziren kalera biharamunean eta Jose Mari Gorroño herriko alkateak ere Ertzaintzak gehiegikeriaz jokatu zuela salatu zuen. Gernikako jaietan gertatutakoa Gasteizko Legebiltzarreraino iritsi zen.

Orain ordea, herriko jaien antolakuntzan buru-belarri aritzeagatik Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko du alkateordeak eta hori, «taxugabe bezain larria» dela sostengatu zuten prentsaren aurrean agertutako hautetsiek. Era honetako ekinbideek gainera, «adierazpen askatasuna eta ezker abertzalearen bazterketa instituzionala» jomuga dutela salatu, eta euren «elkartasun beroena» erakutsi zioten Alberdiri.

Independentismoaren aurka burututako beste hainbat operazio politiko, judizial eta polizialen antzera, zitazio honek ere Euskal Herrian «konpontzeke dagoen gatazka politiko bat dagoela» agerian uzten duela uste dute hautetsiek. Era berean, Euskal Herrian hain garrantzi handiko unea denean gertatu izana ez dela kasualitatea nabarmendu zuten agerraldian.

Bidegabekeriatzat jotzen dute, eta eraso honi aurre egiteko mobilizazioak egingo dituztela iragarri zuten agerraldian eta herritarrei horietan parte hartzeko deia egin zieten.

isiltasuna

Zitazio honen aurrean, Gernikako Udala osatzen duten alderdien «isiltasuna» salatu zuten ezker abertzaleko zinegotziek, ez baitu inork salatu alkateordearen egoera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo