Bai Euskarari Elkarteak berrikuntzak dakartza «kimuak zuhaitz bihurtzeko»
Berrikuntzak dakartza Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak: batetik, Bretainia eta Kataluniarekin elkarlanean aritzeko hitzarmena sinatu berri dute; eta bestetik, estreinakoz, euskararen alde egindako bi entitateren lana saritzeaz gain, aldizkari berria aurkeztu dute.
Zuriñe ETXEBERRIA |
Ziurtagiriaren Elkarteak lehen aldiz Bai Euskarari sariak eman zizkien Euskal Herriko bi entitateri, «euskara enpresan txertatzeko aurrera eramandako ekintza bana sarituz».
Laudioko JEZ Sistemas Ferroviarios enpresak eta Elgoibarreko IMH - Makina Erremintaren Institutuak jaso dituzte aurten lehenengoz banatutako Bai Euskarari sariak. Halaxe jakinarazi zuen Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak atzo goizean Koldo Mitxelenan egindako prentsaurrekoan, eta iluntzean, Gasteizko Artiumen egindako ekitaldian banatu zizkieten sariak Gutierrezek berak eta Arabako Kultura Diputatu Lorena Lopez de Lacallek.
Hirugarren saritu bat ere egon zen, Kirmen Uribe idazlea, hain zuzen ere. Aurten «Bilbao-New York-Bilbao» liburuari esker Espainiako Narratiba saria eskuratu duen Kirmen Uribek berak ere ekitaldian parte hartu zuen, errezitaldi bikaina eskainiz. Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari sarien lehen edizioa ospatzeaz gain, Bai Euskarari Laguna izeneko figura ere sortu, eta Uribe izendatu zuen Bai Euskarari Laguna.
Bai Euskarari sariak aurkeztu eta banatzeaz gainera, Ziurtagiriaren Elkarteak, Ofis ar brezhoneg elkarte bretainiarrak, eta 7dquatre Herrialde Katalanetako elkarteak hitzarmena sinatu dute, «indarrak metatu eta gaurtik aurrera elkarrekin lanean jarduteko».
Ekitaldiari umore puntua jartzeko, ORTZAI antzerki taldearen emanaldia izan zen. Baina beste ezeren gainetik, ekitaldiko benetako protagonista Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak izan ziren. Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak Ziurtagiria eskuratu duten guztiei euskararen alde egiten duten lana aitortu zien, eta arlo sozioekonomikoa euskalduntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen. «Kimuak zuhaitz bihurtzeko, eta baso oso bat zabaltzeko» elkarlanetik konpromisoa bideratu beharra dagoela nabarmendu zuen Gutierrezek.
Balioa eransten duen tresna
Aldi berean, «Balioa eta berrikuntza» lelo berria izango dena aurkeztu eta azaldu zuten. Ziurtagiria balioa eransten duen tresna delako eta «balioa ematen diguna berritu egin behar delako» berrikuntzekin datoz Bai Euskarari Elkartekoak.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, Ofis ar brezhoneg elkarte bretainiarrak, eta 7dquatre Herrialde Katalanetako elkarteak indarrak metatu eta atzotik aurrera, elkarrekin lanean jarduteko hitzarmena sinatu dute tokian tokiko arlo sozio-ekonomikoan hizkuntza normalizatzeko.
Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariaren esanetan, gaurko mundu globalizatuan eta etengabe berritzen aritu beharreko garaian, inoiz baino garrantzitsuagoa da hizkuntza txikiek beren lekua izatea. «Horretarako, gure esperientziak partekatzea eta jakintza trukatzea ezinbestekoa da. Hala, garaietara egokituz, indartsu aurrera egiteko», azaldu zuen Gutierrezek.
Fulup Trovers, Ofis ar brezhoneg elkarte bretainiarreko zuzendariak argituz zuenez, egun, 650 elkartek dute bretoiera bultzatzen duen ziurtagiria, eta beren hizkuntza «suspertzea eta garatzea» helburu dute. Bestetik, 7dquatre elkarte katalaneko elkarteko zuzendari David Vila i Ros-ek aipatu bezala, martxan jarri nahi duten CertifiCAT-a garatzeko Euskal Herriko elkartearen ereduari jarraitzen diote, eta «eremu guztietan, baina batez ere sozioekonomikoan, katalanaren erabilera bultzatzea» dute helburu. Z. E.
Ziurtagiriaren Elkarteak «Denona eta denontzat» aldizkaria sortu du, eta iluntzeko ekitaldian hura aurkezteaz gain, bertaratutako guztiei lehenengo ale bana eman zieten.