Hezkuntza erreformaren kontra, beste manifestazio bat Baionan
GARA |
Sarkozyren Gobernuak hezkuntzan egin nahi duen erreformaren kontrako mobilizazioak aurrera doaz. Atzo Ipar Euskal Herriko zazpi lizeok blokeatuta segitzen zuten. Gaurko, mobilizazio eguna deitu dute langile eta ikasle sindikatuek. Horren karietara, beste manifestazio bat izango da gaur goizean, Baionako geltokitik abiatuta.
Mobilizazio egunaren harira bestelako ekimenak ere egingo dituzte. Baionako Cassin lizeoan bilkura egingo dute, ikasleak, gurasoak, irakasleak eta Administrazioko langileak elkartuz. LABeko Irakaskuntza adarrak eta Ikas eta Irauli ikasle sindikatuek gaur goizean Baionako karrikak zeharkatuko dituen manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute. «Chatel erreformari ez!» lelopean, joan den ostegunean mila bat lagun bildu ziren, eta gaurkoan ere beste horrenbeste elkartzen saiatuko dira.
Ikasleek joan den astean zabaldu zuten ideiarekin bat egin du LAB-Irakaskuntzak: «Erreforma honen helburua, oroz gainetik, izan diren eta izanen diren postu murrizketak (80.000 lanpostu 2012ra bitartean) ahalbidetzea besterik ez da, irakaskuntzaren kalitatea, ikasleentzako aukerak eta irakasleen lan baldintzak okertuz». Erreformaren gaineko irakurketa horren ondorioz, sindikatu abertzaleak mobilizazio guztietan parte hartzera dei egin die irakaskuntzako langileei, gurasoei eta hezkuntza sistemarekin kezkatuak diren guztiei.
Ikastetxeak blokeatuta
Hezkuntza zentroetako ateak blokeatuta zeuden atzo ere, Baiona, Angelu, Biarritz, Donibane Lohizune eta Sohütako zazpi ikastetxetan. Sarrera galerazteko ateak blokeatu zituzten ikasleak, kanpoko hotzari aurre egiteko, inguruan zituzten gaiak erretzen aritu ziren.
Protesta horiekin ikasleek Gobernuari helarazi nahi diote lizeotako erreformen kontrako mobilizazioak ez direla geldituko. Ostegunerako ere beste hainbat ekimen antolatu dituzte.