GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Txapelketa Nagusia 2009

«Txapela gailur bat bada, baina egindako bidean koska bat gehiago»

p002_f01ona.jpg

Maialen Lujanbio

Euskal Herriko bertsolari txapelduna

Txapela janzteko prest sentitzen denaren indarrarekin igo zen oholtzara eta bere bertsokeran ohikoa den mimoarekin eman zuen puntada bakoitza. Indar horren eta sentsibilitate horren arteko oreka ederra lortu zuen Maialen Lujanbiok. Bera konbentzituta zegoen eta bertsozalea konbentzitu zuen bertsoz bertso lan eginez. Gustura eta pozik dago txapelarekin eta garbi dauka bere erara eramango duela. Ez du uste bere ibilkera hankaz gora jarriko duenik edo, behintzat, ez luke nahi.

Amagoia MUJIKA | HERNANI

Hamar elkarrizketatik gora eman zituen atzo goizean. Bederatzietarako lan horietan jarria zegoen. Eta, hala ere, bere irribarrerik onenarekin hartu gintuen txapeldunak. Bezperan, finalean, nahiko bare mantentzea lortu zuen, bera ere harritzeraino. Pilatutako emozioak atzo hasi zitzaizkion azaleratzen eta bezperan baino gehiago kostatzen zitzaion horiek kontrolatzea. Oraindik egun batzuk beharko ditu BECen gertatu zen guztia digeritzeko. Badaki zerbait handia izan zela, jende asko hunkitu zela berak txapela jantzi zuenean eta horri guztiari benetako tamaina hartzeko gogoz dago.

Zer moduzko ajea duzu?

Egia esan lo egin dut. Ospakizunak suabe joan ziren, afaltzera iristerako baziren hamabiak eta nekatuta ginen. Baina gero lo egin dut, harrigarria. Finalaurrekoetan baino askoz lasaiago nengoen. Egia esan lasai egon nintzen egun osoan. Bukaeran ere oso bare nengoen, denak hunkituta zeuden, baita ni ere, baina patxadaz sumatzen nuen neure burua. Uste dut egin nuen lanaren ondorioa izan zela hori.

Oholtzara igotzerako erakutsi zenuen lanerako gogoa.

Saioa bukatu zenean lanaren eta nekearen sentsazioa nuen. Ondo egindako lanaren poztasuna nuen eta horren saria izan zen txapela. Lanetik eta neketik etorritakoa, ez bat-batean hutsetik eta zerutik erortzen zaizuna. Ez zen espero gabe etortzen zaizun loteria bat bezalakoa izan. Eta horregatik hartu nuen poz bat bareagoa, ez hain emozionala.

Dagoeneko hamar elkarrizketatik gora. Biharamuna espero bezain gogorra izan al da?

Andonik abisatu zidan. Egia esan, hau da ilargiaren alde ezkutua. Ez dit grazia handirik egiten, baina egin behar da eta kito. Ulertzen dut txapeldun baldin bazara horrek bere isla behar duela prentsan; eta garrantzitsua da, gainera.

Burrunba azkar pasako dela espero al duzu?

Gauzak bere onera azkar etorriko direla espero dut. Ez dut uste honek ezer irauliko duenik, ez dagoelako zer irauli. Agian 2001ean txapelak hankaz gora jarriko zituen nire hankak. Baina gaur egun hankak lurrean ditut eta lasaitasun horrekin bizi dut. Errekonozimendua da, bultzada, emozioa, ilusioa, baina ez dut uste gauzak asko aldatuko dituela, edo ez nuke nahi behintzat. Urte askotako bide baten puntu bat da, koska bat gehiago, baina ez da izan bat-batean zerotik zortzimilako batera igotzea bezala. Gailur bat bada, baina egindako bidean koska bat gehiago.

Bakarkako lanei erreparatuz, goizean baino gusturago arratsaldekoan.

Goizeko bakarkakoarekin ez nintzen gustura geratu. Lehen bertsoarekin bai, baina bigarrenean erdi estropezu bat egin eta amorrarazi egin ninduen. Ez neukan eremu zabal bat buruan, sentitzen nintzen Bergarako bakarkako gaia errepikatzen eta mentalki horrek nekatu egin ninduen. Lehen esanaren gainean bezala ari nintzen, eta horrek gustua mikaztu egin zidan. Baina besterik ez zitzaidan etorri gaia entzunda, hain hurbila den epaiketa horrekin ezin izan nion gai horri ihes egin eta ez nuen asmatu.

Arratsaldekoan zure une intimo horietako bat lortu zenuen.

Egia esan oso gustura sentitu nintzen. Bertsoaldi oso bat, borobila uzteko gogoa banuen. Gaia entzun nuen eta gustatu egin zitzaidan. Eta bertsoaldia amaituta, gustura eseri nintzen bueltan, egin nezakeena egin nuela sentitzen nuen.

14.500 lagunen artean gaietan agertzen diren egoerak beren azalean bizi dituztenak daude.

Uste dut momentuan bertan horretan ez pentsatzea hobe dela. Minbizia zuten haurrenean, bigarren bertsoan, burua makurtuta eta negarrez ari zen emakume bat ikusi nuen eta orduan jabetu nintzen egoera hori bizitzen ari zen jendea egon zitekeela. Pirritx eta Porrotxen ikuskizunarekin ere gogoratu nintzen... gauza askorekin gogoratu nintzen. Ez zara erabat kontziente, bestela egoerak errealegiak direnean gordinegiak bihurtzen dira eta horrek ez dizu distantzia hartzen uzten. Eta horrek kreatiboki ez dizu laguntzen. Egiazkoa izatea eta sinesgarritasuna bi gauza desberdin dira.

Buruz burukora pasatu aurretik oso pentsakor ikusi zintugun.

Goizean nahiko gazi-gozo joan nintzen bazkaltzera, ez si ta ez no. Arratsaldean estutu egin nahi nuen, eta ondo atera zen. Eta lasaitasun hori neukan, nik ahal nuena egin nuelako. Mendiluzek eta Unaik esan zidaten segur aski ni izango nintzela buruz burukoan. Baina nik ez nekien, hortik atzetik oso zaila da saioa neurtzen.

Buruz burukora, pozik. Eta Ametsekin, pozago.

Oso hunkigarria izan zen, oso polita. Batetik Andoni gabeko buruz burukoa zen eta horrek esan nahi zuen aldaketa zetorrela. Eta Ametsekin konpartitzea sekulakoa zen. Oso gertu egon gara txapelketan, oso lotuta eta Amets goizean goizetik ari zen ni animatzen. Benetan polita izan zen bien artean saioa amaitzeko ardura hori hartzea.

Eta txapeldun zinela jakitean, eguneko unerik politenetakoa.

Niretzat bai. Nire bertsokideen hitzak, kariñoa eta errekonozimendua jasotzea sekulakoa izan zen. Buruz burukoa amaituta gustura geratu nintzen eta une horretan sentitu nuen Ametsek irabaziz gero sekulako poza emango zidala. Barru-barrutik eta benetan sentitu nuen. Edozeinek irabazita ere poztuko nintzateke eta hori da gure lehiaren ilogika eta edertasuna.

Andoni azko poztu zen.

Bai, asko. Esan zidan asko poztu zela eta merezi nuela. Eta niretzat handia izan zen Andonik hori esatea. Finalean omenaldi txiki bat jaso zuen, ezta gutxiagorako ere. Baina, tira, badirudi erretiratu egiten dela eta ez da hori. Asteburuan bizpahiru aldiz elkartuko gara kanturako.

BECeko olatua izugarria izan zen. Nola bizi da hori oholtza gainetik?

Izugarria da jendea horrela ikustea. Builak, animoak, zenbat aldiz altxatu ziren, gure ahalegina eskertu nahia... ez dago hitzik hori deskribatzeko. Gainera, nahiko sintomatikoa dela uste dut. Gure egoeraren berri ematen du, ze gogo daukagun horrelako gauza baikorrak bizitzeko, emozio konpartituak, indar sentimendua. Gauza on txiki bat da, zure hizkuntzarekin eta funtsarekin konektatzen duen zerbaitek pizten duen baikortasuna eta indarra izugarriak dira eta hemen dagoen potentziala erakusten du. Hori kudeatzea eta kanalizatzea da gakoa. BECekoa hainbeste lan eta foko txikiren batura da, horregatik aipatu nuen matriuskarena hasieran. Alderantzizko norabidean, gauza bera. Matriuska hori askatzen bada, indar eta ilusio handiagoarekin doa jendea berriz foku txiki horietara. Finean hori da finalaren logika.

Harrotasunez eta pozez, ongi etorri etxera, txapeldun!

Kanpoan hotz handia zegoen eta instant batez elurra mara-mara aritu zen, baina hotzak hotz, hernaniarrek gogoz eutsi zieten tenperatura baxuei. Maialen Lujanbiori harrera egiteko atzokoan ez baitzen eguraldi kaxkarrez kexu egiteko tarterik izan. Udaleko Areto Nagusia txapelduna jasotzeko egokituta zegoen, oholtza eta mikrofono batez. Baina atzokoan ez zituen bertsoak bota, eskerrik beroenak emateko igo baitzen agertokira. Txapelketa Nagusian parte hartu duten Hernaniko bertso eskolako beste zazpi partaideekin batera partekatu zuen protagonismoa. Lujanbiok nabarmendu bezala, «honakoa talde lana» delako. Aretora sartu bezain pronto ateak parez pare zabaldu behar izan zituzten bertaratu ziren herritar guztiak jasotzeko: «Ama begira, han dago!» zioen ume batek, eskuetan urduritasunez Maialenen irudi handi bat eusten zuela. Haurrak aretora arrapaladan sartu ziren nork baino nork leku hobea hartzeko eta guztiek zeramaten eskuetan bertsolariaren argazkia ez bazen, azken unean nonbaitetik moztutako paper zati bat. «Ene, ezin sartu gabiltza, Barakaldon baino jende gehiago gaude hemen!», zioen estu-estu ikusleen artean zegoen gizon batek. Marian Beitialarrangoitia alkateak hartu zuen lehenik hitza: «Harrokeria gabe egin nahi dugu harrera hau, baina harrotasuna ezin dugu ezkutatu, geure bertsolariek egin duten ibilbidearekin. Txapelarekin etxeratzea lana borobiltzea izan da».

Maialenek denen izenean eskerrak ematen zituen bitartean jendartean lepo luzatuak ikusten ziren, hobeto entzun eta ikusteko saiakeran. «Berezia da Maialen, ezta?» galdegin zion amona batek alboan zituen bi lagunei. «Bai, bai, neskak merezi du txapela, bere amak ere makina sufrituko zuen!», erantzun besteak. Lore sorta bana jaso ostean agurra dantzatu zieten bertsolariei. Aurpegi lotsatuak erakutsi zituzten oholtza gainetik, eskuak poltsikoetan sartuta zituztela, jende umila eta gertukoa direla erakutsi zuten. Dantzarekin amaiera emandakoan «amen batean» eseri ziren haurrak «amen batean» jaiki ziren, Maialen, euren «izarra» denari sinadura eskatzera, eta letra haiek begiratzean marraztu zitzaien irribarrea. o. larretxea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo