GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Txapelketa Nagusia 2009

«Maialenekin bukaeraraino segitzea ohorea baino gehiago da»

p002_f03.jpg

Amets Arzallus

Txapeldunordea

Erabat bere buruari begira, Maialenekin egin beharreko bertsoaldiarekin kezkatuta, apenas akordatu zen txapelarekin. Maialenen buruan ikusten zuen, baina, bat-batean, kezka txikia sortu zitzaion eta badaezpada eskaintza pentsatzen hasi beharko zuela pentsatu zuen. Minutu gutxi batzuk izan ziren, azkar jakin zelako Maialenentzat zela txapela. Eta Ametsek berak jantzita bezalako betekada sentitu zuen, Maialen Lujanbio bertsolariaren eta pertsonaren zale amorratua delako.

Amagoia MUJIKA | DONOSTIA

Pozik dago, oso pozik. Berak txapela jantzi ez zuelako batzuk penaz daudela jakitean, azkar eta garbi erantzun du: «Inor ez dadila penaz egon, eta, bestela, etor dadila nigana; nik daukadan poz pilatik, partitzeko adina badaukat-eta».

Oso pozik dirudizu.

Nik lehendik ere esana nuen nire helburua ez zela postu edo emaitza batekin lotutakoa, baizik eta bertsoak zirela garrantzitsua, bertso barrenetan egin nezakeen bidea. Finean, ibilbide oso bati ematen niola arreta osoa eta ibilbide horrek ekar lezakeen edozerk ez ninduela bereziki poztuko edo penatuko horrek betetzen baldin baninduen. Botatako bertso batzuekin oso beteta eta hustuta sentitu nintzen eta ez neukan penatuta egoteko inongo arrazoirik. Gainera, txapela Maialenen buruan ikusi nuenean, poz izugarria hartu nuen.

Zein lan apartatuko zenuke?

Txapelketan zehar ez bezala, finalean bakarkakoekin bereziki gustura geratu nintzen, bai bertsoengatik eta bai jarreragatik. Barrutik kanpora ateratzeko beharra sentitu nuen eta lortu nuela uste dut.

Goizean zure kartzelakoarekin leherketa gertatu zen.

Bukatu orduko kontziente nintzen zerbait lehertu egin zela. Goiz osoan momentu horretara arte sentitu ez nuen zerbait etorri zitzaidan bueltan bertso horiek botata, eta uste dut ez zela izan bertsoengatik bakarrik, jarreragatik ere izan zela. Banuen gogoa horrelako leherketatxo bat sortzeko. Gaiaren lehen hitza entzun nuenean, «kazetaria zara», dendara joan eta nire jertse bat probatzea bezalakoa izan zen. Dena parean tokatu zitzaidan eta bertsoz eta jarreraz, txaloz lehertu zen euforia hori bueltan jaso nuen.

Euskal Herria libro bat irudikatu zenuen. Mezuak ere izan zuen partea leherketan.

Hain arrastaka eta burumakur ikusten dugu batzuetan gure bidea, eta gure herriaren bide korapilatsuan argi izpiak eta indarra ezin bilatuta bizi gara. Orduan, badaukagu gure buru barruari gure ipuina kontatzeko eta benetan gertatu litekeela sinesteko beharra. Kontziente zara ahots hori eramaten duzunean zerbait gertatzen dela ipuin hori entzuten duen herriaren baitan. Ikusten da behar ditugula baikortasun eta elkartasun mezu eta formulak.

Eta arratsaldeko bakarkakoa, bikaina berriz.

Ni gusturen arratsaldeko horretan geratu nintzen. Arantza txiki bat geratzen zait, berriz hasi behar izan nuela eta eman dezakeela bertso bidean arazo txiki bat izan nezakeela. Eta ez zen horrela izan. Doinuarekin ezin nuen asmatu, aurreko Jon Maiarenaren oihartzuna etortzen zitzaidalako. Doinu horren hasieran ezin nuen tonu egokia hartu. Eta berriz hastea erabaki nuen, gaian erabat sartuta sentitzen nintzelako eta bertsoa erabat nire mende nuelako. Hori pasata, txapelketa osoko nire lanik onena izango da arratsaldekoa. Gaia nik buruan askotan ibili dudan istorioa da. Garraio publikoan ibiltzean askotan pasatzen zait burutik kezka hori eta oso-oso presente dauka- dan egoera nahiko gordina da, egunero gure bizitzan gertatzen dena.

Buruz burukorako zure izena entzutean bezainbat poztu zinen Maialenena entzutean.

Ni naiz Maialenen lehenengo zale amorratua. Bertsolari eta bertsozale bezala Maialenen ahotsa eta bertsoa asko gustatzen zait eta iruditzen zait mundu berri liluragarri bat ekartzen duela bertsotara. Alde horretatik, sekulako betekada sentitu nuen. Lagun bezala, beste hainbeste, oso gertuan sentitzen dudan pertsona da, oso maitagarria delako. Nik Maialenekin bukaeraraino segitzeko pribilegioa izatea ohorea baino gehiago izan zen, garaipena. Buruz burukoak liberatu egiten zaitu eta bertsotan baldintza onenetan egiteko aukera ematen dizu. Eta gainera, Maialenekin batera aldaketa irudikatzeko ohorea izan nuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo