GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Alderdi politikoen hilerriak

Dengir Mir Mehmet Firatek Batasunaren legez kanporatzea ontzat eman duen Estrasburgoko Epaitegiaren ebazpena bederen irakurri balu, honezkero ondotxo jakingo zuen egungo Turkia eta Espainiaren arteko kidetasunak zein zabalak eta sakonak diren

Dengir Mir Mehmet Firat parlamentariak, egun Turkian Gobernuan dagoen AK partiduaren izenean, hango Konstituzio Epaitegiak DTP-Demokratik Toplum Partisi kurdua legez kanpo ipini duela eta, bertarako eta singularrean esan du: «Turkia alderdi politikoen hilerri bihurtu da, legez kanporatuak izan diren hainbatengatik». Ezkutuko mezua ere badarama, beharbada, adierazpenak: luzaroan, XIX. mende osoan bederen, «herrien kartzela» izan baitzen Otomandar Inperioa demokrazia eta giza eskubideen bidean trumilka aurrera zihoan Europako iritzi publikoarentzat (harekiko paralelismo hutsez egotzi zion Leninek tasun berbera tsarren inperioari, esamoldea zabalduz). Herrien kartzelarekin ententerik nahi izan ez zutenek ametituko ote dute orain alderdien hilerria lagunartean?

Ez zaio arrazoirik falta jatorri kurduko politikari eta legelari islamistari bere gogoetaren atal nagusian: alderdien hilerria gero eta beteago dago Turkian. Bata bestearen ondoren legez kanporatutako talde kurduen zerrenda dozenara hurbiltzen ari da jada; eta gero eta argiago dago haien ordezkaritza, hauteskundeetan irabazia, ez dela inondik ere eragozpen epaile turkiarrentzat, eragile baizik. «PKKrekiko loturen» aitzakia, berriz, ezin formalista eta erritualagoa bihurtzen ari da ebazpenetan, «estatuaren subiranotasuna eta nazioaren batasun banaezina» argudio guztien ardatz bilakatzen den bitartean. Ez da harritzekoa, benetan: alderdi kurdua legez kanporatu duen Epaitegiaren kideren bat, agian, askoz lotuago egon daiteke Ergenekon sare terroristarekin DTPko buruzagietako inor PKKrekin baino.

Eta ez da harrigarria AKPko diputatua urduri agertzea ere: hasiera batean kurduei eta ezker muturreko taldeei ezartzen zitzaien lege-uztarria, berea bezalako alderdi islamistei ere leporatzen aspaldi hasi ziren epaile kemalistak. Eta, gehiengo zabalez 2002az geroztik agintean diren arren, ezingo du ahantzi zein gutxigatik geratu ziren legearen barruan iazko udan, antzeko prozesu baten ondoren. Ohartuko zen, bestalde, zein gutxi balio duten «nazioarteko tximistorratzek» honelakoetan: AKP, legez kanpo ipintzeko zorian zegoenean, Europako Partidu Popularreko kide behatzailea zen; eta estatus berbera zuen arestian DTPk Internazional Sozialistan.

Ez dabil, ordea, oso zorrotz Firat urrutirago begira ipintzen denean: «Epaitegi Konstituzionalak, bere ebazpenean Espainian Batasunaren kasuarekin paralelotasuna ezarri du, baina nire ustez kidetasun hori ezin da benetan zertu». Europar demokrazien lehen mailako ligan jokatzen dutenetakoa dela Espainia, pentsatuko du gizajoak. Bejondeiola. Batasunaren legez kanporatzea ontzat eman duen Estrasburgoko Epaitegiaren ebazpena bederen irakurri balu, ordea, honezkero ondotxo jakingo zuen egungo Turkia eta Espainiaren arteko kidetasunak zein zabalak eta sakonak diren «nazio segurtasunaren» aitzakian eskubide politikoak murrizteko orduan. Eta ondoriozta zezakeen Europan jada ez dagoela lehen mailako demokraziaren aldeko justiziagintzarik.

Beraz, «partiduen hilerrien» alboan lasai biziko direla batzuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo