GARA > Idatzia > Kultura

Xabier Leteren «Egunsentiaren esku izoztuak» liburuko poemen errezitaldia DVD batean bilduta

Euskadi Literatura saria eman zion «Egunsentiaren esku izoztuak» liburuko poema hautatuen errezitaldia biltzen duen DVDa, «Neguan izan zen», sortu dute elkarlanean Pamielak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

p042_f01_147x100.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Orain urtebete plazaratu zuen Xabier Letek «Egunsentiaren esku izoztuak», hamabost urteko argitaraldirik ezaren ondoan. Aurreko liburuetan nabarmentzen diren gai, arrangura, kezka, estilo eta dena delakoak modu garatu eta orekatuagoan erakusten dira bertan. Aspaldi bizi izandako esperientzien gainean egindako gogoetak, iraganarekiko miresmena, maitasuna, xamurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa elkarri loturik biltzen dira.

Esan bezala, iaz aurkeztu zuen «Egunsentiaren esku izoztuak» eta, abenduaren 2an, Mikel Laboaren heriotzaren biharamunean hain zuzen, liburutik hautatutako zenbait poema errezitatuz, jendaurreko aurkezpen bat egin zuen idazle oiartzuarrak Iruñeko Planetarioan. Eta hala, Laboaren desagerketaren itzal azpian egin zen errezitaldia, musika tarteak Joxan Goikoetxeak eskaini zituelarik.

Iruñeko hitzordu hura izan zen atzo Pamielak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztu zuten DVDaren abiapuntua. Jose Angel Irigaraik azaldu zuenez, «gure asmoa Iruñeko emanaldia grabatzea zen. Izan ere, jende andana bildu zen Planetarioan, oso giro berezia sortu zen, eta aurrera begira errezitaldiarekin zerbait egiteko asmoarekin grabatu genuen saio hura».

Hain oihartzun bero eta sentikorra jaso zuen saio horren ondoren, Lete prest azaldu zen hasiera batean bakarra izan behar zen errezitaldia errepikatzeko. Ondorioz, beste hiru emanaldi antolatu ziren; Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean bata (2009/02/05), Bilboko Kafe Antzokian bestea (2009/02/10) eta Izpurako (Garazi) Faustin Bentaberry Gelan (2009/02/20) azkena. «Iruñean bezala, bertan jazoko zirenak interesgarriak izango zirela pentsatuta, horiek ere filmatzea erabaki genuen», gehitu zuen Irigaraik.

Horrela, lau emanaldi horietan bildutako materialetik osatu dute Pamielak eta Gipuzkoako Aldundiak DVD berria. Teknikoki desberdinak izanagatik ere, ez berdin erabilgarri, beraz, lau tokietako irudiak agertzen dira lanean. Euskadi Literatura saria eman zion «Egunsentiaren esku izoztuak» liburutik egindako poema hautaketen errezitaldiak biltzen baditu ere, ezin izan dute ikus-entzunezko hori izen berarekin bataiatu ISBN arazoak medio, beraz, «Neguan izan zen» atalaren izena hartu dute izenburutzat.

Xabier Leteren poesia zuzenean ikusi eta entzuteko aukera ematen duen lana Arteolarekin batera abiarazitako Littera&Musika sailean argitaratzen da, Gipuzkoako Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuaren laguntzarekin.

ERREZITALDI GEHIAGO

Xabier Lete bere poemak zuzenean errezitatzen ikusteko aukera bi izango dira datozen asteetan; abenduaren 26an Urnietako Saroben lehenengoa, eta urtarrilaren 12an Bilboko Arriagan, bigarrena.

LAN ESKERGA

Jose Angel Irigarai: «Lau errezitaldietan lortutako materialarekin, hasiera batean CD bat osatzea pentsatu genuen, baina lan eskerga zela ohartu ginen eta ikus-entzunezkoa sortzea erabaki genuen Foru Aldundiarekin elkarlanean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo