GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Ezinbestean eta ezinbestekoa

Josu JUARISTI GARAko zuzendaria

Beste bost euskal herritar Espainiako salbuespeneko auzitegiaren aurrean; aurrez aurre, aretoaren erdialdean. Epaileen eskuinean, akusatzaileak, eta Fiskaltza, mutu. Ezkerrean, auzipetuen abokatuak. Atzean, ezkerraldean, etxekoak, lagunak, eta hemen ere, Madrilen, ondoan egon nahi genuenok. Atzean, bestaldean, auzipetuak giltzapean ikusi nahi lituzketenak, AVTkoak eta besteak. Eta kalean euskaldun gehiago, sartu ezinik, beste epaiketa batera etorritakoak...

Denon buruan, beste behin, betikotasunaren mamua: hau askotan bizi izan dugu, eta ortzemugan, bihar, etzi edo etzidamu, berriro biziaraziko digute. Izugarria da, beste behin ere, gure historia txikiaren eta handiaren, pertsonalaren zein kolektiboaren berri eman behar izatea Auzitegi Nazionalean. Izugarria inpunitatea da, inpotentzia. Gaur Martxelo Otamendiri, Joan Mari Torrealdairi, Txema Auzmendiri, Xabier Oleagari eta Iñaki Uriari tokatu zaie Auzitegi Nazionalaren aurrean esertzea. Animo eta bejondeizuela!

Erronka, epaiketa hauek eta etorriko direnak nola galarazi da, nola oztopatu, zaildu, gainditu. Nola egin saltopasa Estatuaren estrategia itoarazleari? Epaitegiko lana, lan juridikoa, beharrezkoa da, ezinbestean. Hau gainditzeko egin beharrekoa, bide berria benetan ireki dezakeena, ezinbestekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo