GARA > Idatzia > Kirolak

PALA I Binakako finala

Beldarrainek bikain estali ditu Gaubekaren minak

Armintzakoak kolpe handia jaso zuen belaunean partida erdialdean, baina atzelariaren lan bikainari esker uste baino errazago lortu zuten txapela janztea.

p046_f01.jpg

URKIA-LUJAN 33
GAUBEKA-BELDARR. 45

Jon ORMAZABAL I

Partida amaieran Esteban Gaubekak bere belauna nahi gabe jo eta finala errenka amaitu bazuen ere, Julen Beldarrainek egindako partida armintzarraren minari nagusitu zitzaion eta bizkaitarrak eta gipuzkoarrak uste baino askoz errazago lortu zuten Binakako txapela janztea. Erretiroa gertu xamar izanda, errenteriarrak ez zuen bere ibilbide profesionala garaipen handi bat gabe amaitu nahi, eta eskuinarekin eta sakearekin egindako lan bikainarekin lehia erabaki zuen.

Ligaxkan elkarren aurka jokatutako partidan Urkia arabarrak eta Lujanek garaipena erraz lortu zuten arren, atzo bere mailatik behera izan ziren, batez ere aurrelaria. Hortaz, espero baino lan gutxiago eman zieten txapeldun irten zirenei. Banakako finalean Gaubeka izan zen normalean baino okerrago aritu zena, baino atzo gandorra astindu ahal izan zuen oilarrak.

Hasieratik nagusi

9-8kora arte lehia berdindu xamar joan zen arren, hasiera-hasieratik nabarmena izan zen urdinak nagusi zirela atzokoan. Lujanek ez zuen ohikoa duen moduan aurkaria pilotakada gogorrekin lehertzen eta Urkiak ere urrun zuen ohiko eraginkortasuna tantoa aurrean amaitzerako orduan.

Jarraian egindako lau tantorekin ireki zuten aldea urdinek, gorriak lekua hartu ezinda zeudela baliatuta. Lujanek bakarrik mugitzen zuen pilota bat azaldu zenean eta Gaubekak min hartu zuenean iritsi ziren partidako une latz bakarrak txapeldun izango zirenentzat; aldiz, orduantxe azaldu zen Beldarrainik onena eta jarraian sakez egindako hiru tantorekin gauzak bere lekuan ipini zituen.

Gaubekak partida errenka amaitu zuen arren, buruz arerioak baino askoz ere indartsuagoak izan ziren armintzarra eta Beldarrain eta merezimendu osoz lortu zuten denboraldiko bigarren txapel handia, finala oso ona izan ez zen arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo